"Nazkatuta gaude, ikusteaz nola sexu-indarkeriaren biktima den etengabe auzitan jartzen dena". Sanferminetako bortxaketaren epaiketako gehiegikeria judizialak salatzeko, milaka pertsona bildu dira azken egunotan Irun, Madril, Bartzelona, Sevilla edo Valladolid bezalako hirietan.
"Ezin zaio indarkeria sexualaren biktimari eskatu bera izatea bere errugabetasuna demostratu behar duena. Emakumearen hitza zalantzan jartzen da uneoro, eta nekatuta gaude, bortxatuak eta erailak izateaz gain, fokua gure gain izateaz, eta ez erasotzaileen gain", adierazi dute manifestariek. Iruñeko epaiketan hartzen ari diren zenbait erabaki eta hainbat hedabidek kasua jorratzeko duten modua kritikatu dituzte manifestariek.
"Ez ezetz da, gainerakoa bortxaketa da"
"Guk bai, sinesten dizugu", "epaiketa justua nahi dugu", "ez ezetz da, gainerakoa bortxaketa da", "ez da kasu isolatua, patriarkatua du izena"… gisako leloak oihukatuz, bereziki jendetsua izan da Madrilen (biktimaren hirian) egindako protesta. Elkarretaratzea zegoen deituta, baina aurreikusitako jende kopurua gainditu eta martxa bihurtu da, Gran Vian barna.