Ur bonba baten eztandaren ondorioz hil da urteko 24. behargina Abantoko Emica Bombas enpresan. Elkarretaratzea egin dute, ezbeharra salatzeko.
Abantoko Emica Bombas enpresako langilearen heriotzarekin, 24 dira dagoeneko aurten Euskal Herrian lan istripuz hildako beharginak. Kopuru horren arrazoia “prebentzio lanen ordez ekoizpena lehenestea” dela iradoki du ELA sindikatuak.
LABen iritziz, urtearen hasieratik hainbeste istripu jazo izana ez da “izurrite bat edo jainkoen zigor bat”, praktika txarren, prebentzio faltaren, presen, lan-kargen eta malgutasunaren ondorioa baino. Hala ere, zehaztu dute iazko urtarriletik ekainera bitartean hiru hildako gehiago (27) izan zirela
Emica Bombaseko kasuan ere ezbeharraren erantzule nagusia “lan baldintzen egoera kaskarra” dela salatu dute ostegun goizean elkarretaratzera bildutakoek. Fabrikaren atarian egin dute protesta ELA, LAB, ESK, EHNE, Steilas eta Hiru sindikatuetako ordezkariak. CCOOk nahiago izan du mobilizazioa bere kasa egin, eta Bilboko Itsas Museoaren atarian elkartuko dira.
ELAk Lan Ikuskaritzari eskatu dio “enpresaren erantzukizunak” ahalik azkarren argitu ditzala, eta UGT eta CCOOk “bizkortasunez” aritzeko exijitu diote.