Sektoreko 17.000 langilek 2009tik honako eros-ahalmena berreskuratu ahal izango dute eta lan-hitzarmenak ultraaktibitate mugagabea izango du. Betetzen ez den kasuetarako jarraipen batzordea eratuko dute langileei zuzenean ordaintzeko.
Azkenaurreko bileran Ascongi Gipuzkoako eraikuntzako patronala etxeko lanekin itzuli zen bulegora. Sindikatuek ez zuten, ez borondate ez urratsik ikusi enpresarien partetik sektoreko langileen egoera kaskarra hobetzeko, eta greba deialdia berehalakoa izan zitekeen.
Horrek, besteak beste ekarriko zuen lurraldeko obra zibil nagusiak gelditzea, erraustegia eta Anoetako estadioko eraberritzea barne; kolpe gogor bat ehundaka milioi euroko negozioa eskuetan dutenentzat.
Seguruenik sindikatuen garaipen handiena lan-hitzarmena betetzeko bermeetan datza, azpikontratazioak erasandako eraikuntzako sektorean enpresek hitzarmena ez ezartzea oso ohikoa izan baita orain arte
Ultimatumaren aurrean, Ascongik onartu behar izan ditu sindikatuen eskakizun nagusiak: langileek 2009tik ona galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, eta lan-hitzarmena blindatzeko bermeak ezartzea.
ELAk eta UGTrekin adostutako aurreakordioak –LABek oraindik ez du sinatu, juridikoki aztertu behar duelako– 500 euroko soldata igoera lineala dakar, eta gainera, KPI-az gain %0,4 igoko zaio langile bakoitzari soldata urtero lan-hitzarmena indarrean den bitartean, 2021era arte.
Azpikontratazioaren ajeei aurre egiten
Lan-hitzarmena blindatuta geratu da, alde batetik hitzarmenaren baldintzak aldatzeko langileekin akordioa beharrezkoa izango delako, eta bestetik 2021etik aurrera ere baldintza horiek mantenduko direlako; ultraaktibitate mugagabea izango du, alegia.
Hain justu, seguruenik sindikatuen garaipen handiena lan-hitzarmena betetzeko bermeetan datza. Azpikontratazioak erasandako eraikuntzako sektorean enpresek hitzarmena ez ezartzea ohikoa da, eta hala salatu izan du sarritan arlo honetan Gipuzkoan ordezkaritzaren gehiengoa duen ELAk.
Hori saihesteko figura berritzaile bat adostu dute: “Lan-hitzarmena betetzen ez den kasuetarako adostu da jarraipen batzorde bat eratzea; enpresa nagusiak, promotoreak edo herri-administrazioak zuzenean ordainduko die eragindako langileei. Tresna honekin aurrerapauso handia egin dugu lan-hitzarmena oso-osorik betetze aldera” azaldu dute sindikatu abertzaleko kideek prentsaurrean.
LAB, baina, kexu da, hitzarmena betetzen ez duten enpresentzat kostu ekonomikorik ez baitu aurreikusten sinaturikoak bere esanetan.
Negoziazioetan aktore nagusietakoa izan den ELAren aburuz, aurreakordioa posible izan da enpresetan izandako “borroka luzearen ondorioz”. Sindikatuak urtebetean ehundik gora biltzar egin ditu langileekin hitzarmenaren inguruan.
Adegik lizitazioekin ordena jartzeko eskatu du
Adegik –bere barruan dagoen Ascongi adarraren bidez– gaztelaniaz soilik dagoen prentsa-oharrean nabarmendu ditu enpresek sindikatuekin izandako “ulermena” eta “ardura”. Eta aurreakordioak 17.000 langileri eragiten diela gogorarazi du.
Nolanahi ere, eraikuntzako patronalak administrazio publikoaren gain jarri du hitzarmena errespetatzeko erantzukizunaren zati handi bat. Bere esanetan, beharrezkoa da obra publikoko lizitazioen prezioak errebisatzea, hala nola “kontratazio publikoetan egoten diren beherakada etengabe eta larriei estimulua kentzea”.
Gipuzkoan, batez beste hasierako prezioaren %20 merkeago esleitzen dira obrak Ascongiren esanetan. Administrazio pleguetan eta obra kontratu pribatuetan lan-hitzarmena betetzea “funtsezko edukia” izan beharko litzatekeela dio orain eraikuntzako enpresarien elkarteak.