argia.eus
INPRIMATU
Sindikatuen aldarrikapenek kaleak hartu dituzte Maiatzaren Lehenean
  • Euskal Herriko hiriburuetan sindikatuek antolaturiko mobilizazioak jendetsuak izan dira, itxiera perimetrala indarrean egon arren eta segurtasun neurriak errespetatuz.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 03a
Argazkia: ELA

Iazko konfinamenduak Maiatzaren Lehenaren mobilizazioak eragotzi ostean, aurten Euskal Herriko langileek kaleak hartu dituzte. Baina itxiera perimetralak eta osasun neurriak ez-ohiko mobilizazioak ekarri ditu. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen manifestatzeko eskubidea ez dela nahiko arrazoi itxiera perimetrala urratzeko. Erabakiak sindikatuen haserrea piztu zuen, eta oinarrizko eskubideen aurkako erasoa izan dela adierazi dute. Hala ere, mobilizazioak jendetsuak izan dira.

ELAK Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egindako mobilizazioetan “aldaketa garaia dela” aldarrikatu zuen. Ez dituzte 2008ko krisitik irteteko formulak errepikatu nahi eta horretarako “ezkerreko atea” joko dutela adierazi zuen Bilbon Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak; hain zuzen ere, “eskubide gehiago, murrizketa gutxiago” dioen atea.

Aldaketa horiek gauzatzeko ELAk proposamenak dituela gaineratu zuen. Esaterako, erreforma fiskalaren garrantziaz aritu zen: “Euskal ogasunetan zerga-erreforma galdegin dugu, uda baino lehenago. Bi arrazoi ditugu horretarako: batetik, baliabideak gehitzea eta krisiak gogorren kolpatu dituen sektore eta herritarrak laguntzea. Hau da, inor bidean botata ez geratzea.”

Aldaketa sortzeko kontzientzia kolektiboa sortu, antolatu eta mobilizatzeko beharra azpimarratu zuten eta haiek aldaketak prestatzen eta bultzatzen jarraituko dutela adierazi zuten.

LABek Hego Euskal Herriko hiriburuez gain, Baionan eta beste hainbat udalerritan manifestazioak antolatu zituen mezu argia zabalduz: “Momentuak beste greba orokor bat eskatzen du eta LAB prest dago horretaz hitz egiten hasteko eta bide horretan adostasunak bilatzeko”.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilbon egindako adierazpenean, haien borroka “kriminalizatzen” saiatzen ari direla esan zuen, Iruñean atxilotutako kideak gogoratuz eta “ez gaituzue gure bidetik aterako” mezua helaraziz.

Norabidea aldatzearen aldeko borroka sindikal eta sozial guztiak babesten jarraitzeko momentua dela azpimarratu zuen: “aldaketa soberanismoaren eta langileen lidergotik bultzatuko da edo ez da izango”.

Trantsizio ekosozialista eta feminista alternatibatzat dituzte eta haien proposamenak maila instituzionalean, lantokietan eta kalean partekatzen ari direla mahaigaineratu zuen.

Argazkia: LAB
Argazkia: LAB
Argazkia: LAB
Argazkia: LAB

 

Argazkia: Ekuador Etxea
ELAk Bilbon egindako mobilizazioak. Argazkia: Ecuador Etxea

 

Ondokoek deitu zuten Maiatzaren Lehena Baionan: CGT, SNUipp FSU, LAB, Gazte Ekintza, EBA, Etorkinekin, Bizi! Mugimendua eta Antzoki okupatua. Argazkia: Bizi! Mugimendua.