argia.eus
INPRIMATU
Sindikatuen zortzigarren greba eguna Frantziako Estatuan
  • Grebak, erregai biltegien blokatzeak, bide mozketak, zentral nuklearretako mobilizazioak… El Khomri legeari aurre egiten ari zaizkio zortzigarren egunez sindikatuak, CGT buru dutela, maiatzaren 26 honetan, ahaztu gabe Nuit Debout mugimenduak egunero antolatzen dituen batzar eta manifestazioak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko maiatzaren 26a
Parisen maiatzaren 26an egindako manifestazioetako baten irudian, CGTko sindikalistak. (Argazkia: L'Humanité)

Nuit Debouten ahaleginak arren lan erreformaren aurkako mobilizazioak ahultzen ari zirela zirudienean, maiatzaren 19an hasi ziren ostera berotzen, Manuel Valls lehen ministroak legea bozketarik gabe 49.3 dekretuz pasarazi zuenean. Egunotako greba eta blokatzeek tentsioa aspaldi ikusten ez zen mailaraino eraman dute.

Herritarren eguneroko bizimoduaren konplikatzea hedabide nagusiek egotzi dioten arren CGTk François Hollanderekin daraman gudu partikularrari, hori ez da aski esplikatzeko Hexagono osoan –Ipar Euskal Herria barne- ugaritu diren greba, manifestazio, bide mozketa eta blokatzeak.

Gasolina hasi da agortzen leku askotan eta gobernuak erreserba estrategikoetara jo behar izan du. Birfindegi nagusien atariak zerratu dituzte harriz eta barrikadaz langileek, eta zenbait portu nagusitako beharginak ere solidarizatu dira haiekin, hornidura arazoak handituz. Zentral nuklearretan ere badira gora beherak, nahiz eta greba jarraitzen ez duten sindikatuetako langileek bermatzen duten elektrizitate produkzioa. Egunkari nagusi gehienak ere faltatu dira gaur kioskoetan.

Orain artean herritarrek protestak begi onez ikusi dituzte, eta RTL katearentzako soziologia enpresa batek egindako ikerketak azaldu du frantsesen %62 ados dagoela Hollanderen lege berri honen kontrako mugimenduarekin. Ostegun goizean bertan lehenbiziko aldiz Vallsek iradoki du legearen zenbait atal aldatu edo “hobetzeko” posibilitatea, baina negoziaketa mahaian berriro esertzeari uko eginez.