Greba egin dute Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko Sareko Osakidetzako langileek maiatzaren 16an, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Horien arabera, jarraipen zabala izaten ari da, nahiz eta “neurriz kanpoko” gutxieneko zerbitzuak jarri dizkieten. Osakidetzari eskatu diote propaganda uzteko eta soluzioak “berehala” emateko.
Osakidetzaren “immobilismoaren” aurrean beste greba egun bat deitu dute SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek. Horiek nabarmendu dutenez, maiatzaren 16ko greba, Arreta Espezializatuko eta Osasun Mentaleko Sareko langileena, “jarraipen zabala” izaten ari da. Halere, salatu dute milaka langileri greba eskubidea ukatu diela Osakidetzak, “gehiegizko” gutxieneko zerbitzuak jarri dizkietelako, “pandemia aitzakiatzat hartuta”. “Zalantzarik gabe, greba desaktibatzeko estrategia berri baten aurrean gaude”, gaitzetsi dute.
Sindikatuek Osakidetzaren jarrera kritikatu dute, ez dutelako “elkarrizketarako borondaterik”, eta “propagandaren eta inposizioaren bidea” hartu dutelako langileen aldarrikapenen aurrean. Beraz, greba egunean eskatu dute jarrera hori albo batera utzi eta negoziazio mahaian esertzeko, eta konponbidea “berehala” emateko.
Besteak beste, grebalariek eskatu dute Arreta Espezializatuan zein Osasun Mentaleko Sarean jasaten duten prekaritateari irtenbidea emateko, eta behin-behineko kontratuen tasa murrizteko. Bi adibide zehatz eman dituzte sindikatuek, ohar batean:
“Osakidetzak uko egin dio %58 inguruko behin-behinekotasun tasarekin amaitzeari, 24.000 langile baino gehiagori eragiten diena. Enpleguaren egoeraren argazki larri horren aurrean, Osakidetzak 3.700 plazako egonkortze-tasa inposatu du.
Beste adibide on bat Garapen Profesionala da. Propagandatik haratago, gaur egun, oraindik ez dakigu noiz egingo den deialdia eta noiz kobratuko duen plantillak Osakidetzak duela urteak zor dien soldata. Gogora dezagun Osakidetzak konpromisoa hartu zuela iazko abenduan ezohiko deialdi bat egiteko”.