argia.eus
INPRIMATU
Sindikatuek osasun sistema publikoa bermatzeko irtenbideak eskatu dizkiote Jaurlaritzari Bilbon
  • ELA, SATSE, LAB, SME, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek urriaren 3an egin zuten protesta Bilboko kaleetan. Osasun sistema publikoaren egoera larria dela salatu dute, eta askotan jasanezina. Eusko Jaurlaritzak irtenbideak bilatzeko urratsak ez baditu ematen, sindikatuek mobilizazioak antolatzen jarraituko dute.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 05
Argazkia: Ecuador Etxea.

Sindikatuek elkarrekin argitaratutako prentsa oharrean aditzera eman dute langileek haserrea eta muturreko nekea adierazi dutela. Egunero bizi dituzten gabeziak egiturazkoak direla diote, “urrunetik datozenak eta egungo osasun-krisiak larriagotu dituenak”. Herritarrak ere kexu direla diote, eta osasun arretaren kalitateak behera egin duela salatu dutela Bilboko protestan.

Azken urteotako murrizketetan jarri dute puntua sindikatuek: osasun publikoan inbertsio falta, behin-behinekotasun tasa handiak, lanaren gainkarga sistematikoa, giza baliabideen eta baliabide materialen eskasia, lan-baldintzen murrizketak, zerbitzuen pribatizazioa, eta abar.

Osasun publikoa lehentasun bihurtzea eskatu dute, eta egiturazko eta sakoneko irtenbideak berehala abiatzea osasun sistema publikoaren etorkizuna bermatzeko.