Nafarroako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekaineko enpleguaren datuak atera ditu SEPE Espainiako enplegu erakundeak, hasiera batean baikorrak diruditenak: maiatzean baino 2.423 langabe gutxiago daude izena emanda Lanbiden eta Nafar Lansaren, orotara 142.991 pertsona. Dena dela, ELA eta LAB sindikatuek datu horien bigarren irakurketa egin eta azpimarratu dute lanpostuak gero eta prekarioagoak direla.
Hego Euskal Herriko langabezia-tasa %11,5ekoa da, eta ELAk gogorarazi du Europar Batasuneko batez bestekoaren ia bikoitza dela (%6,1). Gainera, bi sindikatuek generoari erreparatu diote, lau puntuko aldea baitago: emakumeen langabezia-tasa %12,7koa da eta gizonena %8,4koa. LABek nabarmendu du 25 urtetik beherako gazteetan dagoela desberdintasunik handiena (%2,9 igo da emakumeen langabezia-tasa): “Egungo sistemaren ezaugarritzearen ondorioz, lan merkatuak emakumea eta gaztea izatea modu bikoitzean zigortzen du, lan baldintza prekarioetara eta langabezia tasa handiagoetara zigortuz”.
Ekainean sinatutako kontratuen %27,1 izan dira mugagabeak, baina ELAk ohartarazi du gehitu egin direla aldizkako kontratu mugagabeak, hau da, urtean denboraldi batean lan egiteko direnak: “Horren erakusle da Espainiako Estatuan iazko ekainean lanaldi osoko kontratu mugagabeak 10etik 6 izan zirela eta aurten 10etik 4”. Halaber, sindikatuek kritikatu dute langileak erosteko ahalmena galtzen ari direla oro har. “Oinarrizko produktuak garestitzen ari diren bitartean, soldatak edota pentsioak KPI-aren azpitik eguneratzen ari direlako”, ondorioztatu du LABek. “INE-k aurreraturiko datuen arabera, ekaineko inflazioa %10,2-koa izango da eta epe ertainean goranzko joerarekin jarraituko du”. LABek Espainiako lan erreformari leporatu dio “ezegonkortasun forma berriak zabaltzea” aldizkako kontratu finkoen ugaritzearekin.