argia.eus
INPRIMATU
Sindikatuek Nafarroako Gobernuari inplikazioa eskatu diote ezgaitasuna artatzeko zentroen hitzarmenaren negoziazioan
  • Langileek %23ko erosteko ahalmena galdu zuten 2019ko akordioa sinatu zuten arte. Patronalak orain soldatak izoztea eta hainbat baldintza murriztea proposatu du. PSNk KPIaren eguneratzea eta %2ko soldaten igoera bultzatuko duela esan du orain, gizarte eragileen presioaren ondorioz.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2024ko urriaren 17a

UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek Nafarroako Legebiltzarreko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enplegu Batzordean agerraldia egin dute Foru Gobernuarekin itunduta dauden ezgaitasuna artatzeko zentroen 6. hitzarmen kolektiboaren negoziaketa-prozesua zertan den azaltzeko. Indarrean dagoen hitzarmenaren aurretik galdu zuten erosteko ahalmenaren %23 orekatzeko ahalegindu dadin eskatu diete agintean dauden PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiei.

Talde politiko guztiek sindikatuen aldarrikapenekin bat egin dute eta PSNk, Olga Chuecaren bidez, KPIren egunaratzea gehi %2ko soldaten igoera bultzatuko duela adierazi du. Hala ere, LABeko Iris Arleguik tankera hartu du Foru Gobernuak “soldatak izozteko proposamena eraman zuela” eztabaidatzen ari diren hitzarmenaren aurreneko negoziazio mahaira.

Orain 12. negoziazio kolektibo bilera izan berri dute eta eragile sozialek kritikatu dute “patronalak eta gobernuak %2ko igoera proposatu bai, baina eskubide guztien hobekuntzetarako dela, eta ez soilik soldatak igotzeko”, UGTko Rosa Leónek argitu duen bezala. Gainera, patronalaren hitzarmenaren plataforma onartzeak “eskubideen galera” suposatuko lukeela salatu du ELAko Fernando Zocok, “hala nola familia-kontziliazioari edota ordaindutako baimenei dagokionez”. Negoziazioa ahalik eta modu gardenean egiteko asmoz, sindikatuek emaitzen kontuak aurkezteko eskatu diete sektoreko enpresei, “baina hauek uko egin diote”, kontatu du CCOOko Virtudes Ferrándizek.

Lan baldintzen duintzea arreta hobetzeko

Sindikatuetako ordezkariek diote gobernuak zein patronalak pertsonarengan zentratutako arretaz hitz egiten dutela etengabe eta ideia hau begi onez ikusten duten arren, “ezinezkoa da horrelako sistemarik ezartzea ez badute langileria tresnaz hornitzen”. Gainera, esan dute askotan “legeak agintzen dituen ratioak ez direla betetzen edo bete ahal izateko ez direla langileen eskubideak errespetatzen”.

“Hobekuntza metodologikoek ezinbestean lan baldintzen hobekuntzak behar dituzte, are gehiago zaintzaren sektorean”, hausnartu du EH Bilduko Javier Arzak. Hori lortu ahal izateko bere alderdiak “erabateko publifikazioaren aldeko apustua” egiten jarraituko duela argi utzi du.

Zentzu honetan, Geroa Baiko Isabel Aranburuk gogorarazi du gobernuko akordio programatikoan agertzen dela “erresidentziak publifikatzeko neurria ikertuko dela, lehentasuna emanez ezgaitasunean espezializatutako zentroei”. Aranburuk zin egin du “erne egongo direla” legealdia amaitu aurretik konpromiso hura bete dadin, bestela sektorea “geroz eta gehiago merkataritzako enpresen eskuetan egongo baita”.

PPko Maribel Garcíak erantzun dio “zentroak publikoak ala pribatuak izanda ere, baldintzak hobetzearen erantzunkizuna agintean dauden alderdiena dela”. Zentzu berean mintzatu da UPNko Raquel Garbayo: “Nafarroako Gobernuak protagonista izan beharko luke negoziazioan. Hark nahi badu, zuen baldintzak hobetuko dira”, zuzendu zaie langileen ordezkariei.

Mezu honi erantzunez eta aurreko gobernuen murrizketak gogora ekarriz, Contigo-Zurekineko Miguel Garridok honako hau ohartarazi die sindikatuei: “Kontuz oposizioan dagoenean diru falta kritikatu eta borondate politikoaz hitz egiten duenarekin; eta gobernuan dagoenean zergak jaitsi eta aurrekontu faltaz hitz egiten duenarekin. Zerga erreforma progresiboa behar dugu funtsak lortu eta bizi baldintzak hobetu ahal izateko”.