argia.eus
INPRIMATU
Sindikatuek Jaurlaritzari eskatu diote kaleratutako anbulantzietako 60 langileak berriro hartzeko
  • Ohar bateratuan, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek salatu dute COVID-19aren infekziosoen sei anbulantzia kendu dituztela, eta zerbitzuaren pribatizazioa kritikatu dute.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 12a
Eusko Jaurlaritzak infekziosoen sei anbulantzia kendu ditu. / Argazkia: Osakidetzako anbulantzia bat artxiboko irudi batean.

Ostiraletik Euskal Autonomia Erkidegoan infekziosoen sei anbulantzia gutxiago daude jardunean, Eusko Jaurlaritzak erabaki duelako pandemian lanean aritu diren anbulantzia horiek ez direla behar aurrerantzean. Beraz, bertako 60 langileak lanik gabe utzi dituzte. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek eskatu dute langile horiek guztiak berriro kontratatzeko, COVID-19arekin eta gabe anbulantzia-zerbitzu hori “beharrezkoa” delako.

Sindikatuek kaleratutako oharrean agintariei aurpegiratu diete “gezurretan” aritzea; salatu dute pandemian politikariek esaten zietela zerbitzua "babestu eta indartu" behar zela, baina hori guztia ahaztu egin zaiela orain. Halaber, kritikatu dute EAEko osasun-sistema aspaldidanik “zaharkituta” dagoela, eta zerbitzuen pribatizazioak kalte handiagoak dakartzala: “Prekarietate handiagoa, segurtasun falta handiagoa, gastu handiagoa”. Pertsonen osasuna onura ekonomikoen gainetik jartzeko galdegin diote Jaurlaritzari.

Gainera, datozen hilabeteetan gripearen eragina nabarituko dela aurreikusita, ohartarazi dute premiazko garraio-sareak behar bezala funtzionatu beharko duela eta, horregatik, Jaurlaritzari eskatu diote kaleratutako langile guztiak berriz hartzeko eta kendutako anbulantziak ere martxan jartzeko.