argia.eus
INPRIMATU
Sindikatuek Jaurlaritzako Hezkuntzari: murrizketak utzi eta negoziatu
  • STEILAS, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek Jaurlaritzako Hezkuntza sailari eskatu diote murrizketak alboratzeko, "hezkuntza publikoa indartzeko beharrezkoak diren baliabideak jartzeko" eta langileen ordezkariekin "benetako negoziaketa" bideratzeko.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 30a

"Hezkuntzako langileen ordezkariak oso kezkatuta gaude ikasturte honen amaiera eta datorren ikasturte hasierarekin. Batetik, negoziazio kolektiboarekiko Hezkuntza Sailak duen mespretxu jarreragatik; eta bestetik, azken egunetan aurrera eramaten ari diren hainbat murrizketen berri izan baitugu" adierazi dute sindikatu hauek ohar bateratuan.

"Hezkuntza sailak murrizketei ekin dio"

"Sindikatuoi Hezkuntza sailak zuzenean ezer jakinarazi ez digun arren, ikastetxeetatik jasotzen ari garen berrien arabera, datorren ikasturteari begira murrizketak aplikatuko dira hainbat arlo eta kolektiboetan: IRALEko ikastaroetan, Hamaika esku programan, sukalde eta jantokietako kolektiboan, hezkuntza laguntza espezialisten kolektiboan... Osasun krisialdi honek hezkuntza publikoaren indartzea eta horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak jartzeko beharra erakutsi duen arren, argi geratzen ari da Hezkuntza Sailaren apustua ez dela hori izango, eta baliabideak gehitzetik urrun, lehendik zeudenak murrizteari ekin dio".

Oharrean azaldu dutenez, aurreko astean ikasetxeetara protokolo orokorra helarazi du Hezkuntza sailak: "Dokumentu honek argi erakusten du ez dagoela egungo egoerak eskatzen dituen baliabide gehiago, plantilla handiagoa eta ratio murrizketa ezartzeko asmorik. Are gehiago, zenbait kolektibo eta zerbitzuri eragingo dioten murrizketak aplikatzeko asmo garbia dagoela, sukalde eta jantokien kasuan esaterako".

"Aldebakarreko" erabakiak "prentsaren bidez" jakiten dituzte sindikatuek

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak "aldebakarreko erabakiak" hartzen dituela salatu dute eta "sindikatuekiko ez dagoela interlokuzio txikiena ere". Horren adibidetzat jarri dute "Ikasturte hau amaitzeko eta berria hasteko Hezkuntza Sailetik hartu diren neurrien berri, prentsaren bitartez izaten ari gara behin eta berriz".