Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako eskaera helarazi diote Jaurlaritzako Hezkuntza sailari. Prozesuan eta erabakietan parte izatea da, funtsean, eskatzen diotena: "Ikasturte amaierako plangintza zein eskoletara aurrez aurre itzultzeko baldintzak, osasuna bermatzeko protokolo eta prozedurak zein neurri zehatzak langileon ordezkariokin negoziatzeko eta adosteko prozedura abian jartzea". Hori egin bitartean, orain arte ikasturte amaierari buruz hartutako "aldebakarreko erabakiak" bertan behera uzteko eskatu diote.
Sindikatuek eskaerarekin batera proposamenak helarazi dizkiote, eta orain arte Hezkuntzak iragarri dituen neurriei ikusitako hutsuneak ere adierazi dituzte txostenean (hemen osorik irakurgai). Proposamenen artean dago Hezkuntzak irizpide berak jartzea ikastetxe guztientzat aurrez aurreko eskolei ekiteko eta aurtengo ikasturtean ikasgeletara EBAU azterketa prestatu behar duten 2. Batxilergoko ikasleak soilik itzultzea ere proposatu dute. Arrakalaren ondorioz on-line ikasketatik deskonektatu duten ikasleentzako errefortzu klase presentzialak planteatzeko prest dira sindikatuak.
Hutsuneen artean aipatu dituzte, besteak beste, ikastetxe bakoitzean ez dela COVID-19aren arrisku ebaluaziorik egin, edo behintzat ez zaiela horren berri helarazi langileen ordezkariei, "eskaera gauzatu" duten arren. Ikasgeletan maskara ezinbestean erabili beharraren aurkako argudioak eman dituzte eta segurtasun distantzia 2 metrokoa izatea eskatu dute, orain arteko dekretu guztiek gainerako esparruetarako aipatu duten moduan, eta ez 1,5ekoa.
Sindikatuek ohartarazi dutenez, garbiketa langileek oraindik ez dakite aurrez aurreko eskoletara itzultzeak zer aldaketa ekarriko dituen garbiketa egiteko moduan: "Garbiketa eta desinfekzioa areagotu behar bada, garbiketa azpikontrataturik dagoen kasuetan enpresei zerbitzua handitzeko, ikasleak dauden bitartean garbitzeko (ordutegia handitzea edota moldatzea ekar lezake honek) zein langile gehiago kontratatzeko eskaria egina dagoen ez dakigu. Langile hauei oraingoz ez diete ezer jakinarazi. Hezkuntza Sailaren kontratupeko garbitzaileen kasuan ere, garbiketa eta desinfekzioa egiteko jarraibide eta prestakuntzarik oraingoz ez zaie eman".
Ez da txantxetako xehetasuna sindikatuek pedagogikoki planteatu duten hau: "Hezkuntza saila aurrez aurreko ikasketak hastea planteatzen ari den etapa/kasu gehienetan 2019/2020 ikasturte lektiboa praktikoki amaituta dago, eta jadanik ikastetxeek antolatuta daukate ikasturtea, ebaluazioak etab. on line nola amaitu. Horrela, DBH4 eta Batxilergoko 1. mailako ikasturte lektiboa maiatzak 29an amaitzen da eta Batxilergoko 2. mailakoa berriz, maiatzak 19an".