argia.eus
INPRIMATU
Sindikatuek estrategia berriak behar dituzte

Asbjørn Wahl 2020ko irailaren 30

Ugazabak azken hamarkadetan lanari erasoka ari direlarik, garai batean elkarrizketa soziala bermatu zuen botere oreka aldatu egin da.

Sindikatuak defentsiban daude mundu guztian, botere ekonomiko eta politiko bortitzen presiopean. Krisi anitzei ari gara aurre egiten. Ugazabak fronte guztietan erasoka ari dira, eta pandemiaren aitzakia baliatzen da areago erasateko sindikatuei, soldatei eta lan baldintzei.

1980 inguruan oldarraldi neoliberala hasi zenez geroztik botere orekak sekulako aldaketa jasan du; lanaren boterea ahuldu egin da, eta kapitalarena, berriz, indartu. Alabaina, mugimendu sindikalaren zati handi batek eutsi egin dio adostasun sozialaren ideologiari -zeinaren eragiteko metodo nagusia elkarrizketa soziala den-, eta hau egungo egoeran kalterako da.

Haatik, gero eta sindikatu gehiago konturatzen ari da egoera kritikoan gaudela eta urrats ausartak egin behar ditugula gure arerioei aurre egiteko. Gure sindikatuak erreformatu egin behar ditugu, tresna egokiagoak izan daitezen eta datozen borroketarako hobeto prestatze aldera.

Eztabaidarik ez

Sindikatuek ez dute onartzen gure jendarteen berregituratze neoliberala. Zerbitzu publikoen pribatizazioaren eta desarautzearen aurka bat eginda daude. Eskatzen dituzte enplegu segurua, lan baldintza hobeak, lanean osasun eta segurtasuna eta “bidezko trantsizio” bat, katastrofe klimatikoa ekiditeko. Oro har sindikatuek aldarri progresista zerrenda izugarria dute.

"Sindikatuak Europan batez beste erdira murriztu dira azken 40 urteetan, garai modernoetan aurrekaririk ez duen erasoa. Egoera horretan elkarrizketa sozialak salbatuko gaituela uste izatea kasurik hoberenean inozoa izatea da"

Arazoa da sarri hor egiten dutela planto. Ez dago eztabaidarik, ez egitasmorik prekaritateari buruzko politika taxutu eta urratsak egiteko, baldin eta gure eskari zehatz horiek ontzat emango balira. Eta gertakari ekonomiko, sozial eta politikoak batik bat kontrako noranzkoan doazenez, garrantzitsua da ere gure organizazioak ebaluatzea, beren ahulezia eta indarguneak.

Gure estrategiak garatzea erronka berezi bat da. Gure helburu orokorrek eraldaketa sozial eta ekonomiko sakonak eskatzen dituzte, eta ondorioz interesen talka dago aurrean dugun borrokan. Noski, botere auzi bat da.

Beraz, borrokarako gauza eta prest diren sindikatu gehiago behar dugu. Aliantza sozial zabalak eraiki behar ditugu. Indar sozialen mobilizazio masiboa eta elkarrekiko solidaritatea beharrezkoa izango da. Halere, arazo bat daukagu nazioarteko mugimendu sindikalaren sektore zabalak elkarrizketa sozialaren tranpan kateatuta dauden artean.

Beste jokaleku bat

Nagusi den interpretazioan elkarrizketa soziala berezko helburu bilakatu da, ugazaba eta gobernuekiko aurrera egiteko modu bat. Noski, ugazabekin aurrez aurre hitz egiteko aukera garrantzitsua da, baina horrek berez ez digu botere handiagorik emango. Dagoeneko badugun boterea adierazteko beste eremu bat besterik ez da.

Boterea ematen diguna gure afiliatuen ordezkaritza da, hauek duten ahalmen eta ekiteko borondatearekin, hala “elkarrizketan” nola negoziazio mahaian. Halere, akordio sozialaren ideologia gero eta gehiago aldendu izan da bere jatorri izan ziren botere harremanetatik.

Inork ez die kargu hartzen sindikatuei ugazabekiko bileretara joateagatik. Izan ere, hau beharrezkoa eta garrantzitsua baita. Kritika egiten zaie ulertzen dutenean elkarrizketa soziala boterea handitzeko bitarteko nagusi gisa.

“Mahaian esertzeko” eskatuz umiliatu ordez, gure baliabide eta politikak sindikatu indartsuak eraikitzeko erabili behar ditugu, zeintzuk lantokietan muskulua izango duten. Gaurko jendarte kapitalistan argi dago ugazaben interesentzako mehatxu potentziala izateko gauza ez bazara, ezdeusa zarela, elkarrizketa soziala gorabehera.

Klase-konpromisoa

Egokia da elkarrizketa sozialaren sorrerari begiratzea. Haren jatorria datza II. Mundu Gerra osteko lanaren eta kapitalaren arteko klase-konpromiso historikoaren instituzionalizazioan; erdigunea mendebaldeko Europan zuen. Konpromiso haren oinarria (alde batera utzita hari zer deritzogun) boterea izan zen. Bilakaera historiko jakin baten emaitza izan zen, non kapitalaren interesak mugimendu sindikal eta langilearen mehatxupean gertatu ziren mobilizazioaren eta borrokaren bidez.

Klase konpromisoa ez zen izan ugazabei egindako eskarien emaitza, baizik eta lantokietako ekintza medio eman zitzaien irakasgaiaren ondorio. Patroiek langileekin akordioa bilatu bazuten ez zen izan atsegin izateko, kalte handiagoa saihesteko baizik, edozein eratako sozialismoa alegia. Klase-konpromisoaren oinarria izan zen 50 urteko klase-borroka gogorra. Botere harremanak lanaren alde lerratu zirenean mugimendu sindikalak indarra lortu zuen negoziazio tripartitoaren eta elkarrizketa sozialaren bitartez.

Egun, botere harremanak enpresarien aldera irauli direnean, klase-konpromisoarenak egin du, edo galtzear dago. Mugimendu sindikal eta langilea ahula dagoelarik, oso jarrera defentsiboan, patronalak ez dauka konpromisoen beharrik, ez eta benetako elkarrizketa sozialaren beharrik ere.

Pairatzen ari garen krisiaren adierazgarri da sindikatuak Europan batez beste erdira murriztu direla azken 40 urteetan, garai modernoetan aurrekaririk ez duen erasoa. Egoera horretan elkarrizketa sozialak salbatuko gaituela uste izatea kasurik hoberenean inozoa izatea da.

Estrategia eraginkorrak

Ugazabek zer nahi duten ulertzea ez da zaila. Ongizate estatua indargabetu nahi dute, gure ekonomia eta jendarteen zati gero eta handiagoak pribatizatu eta korporatibizatu eta mugimendu sindikala garaitu.

Horri aurre egiteko sindikatu indartsuagoak, erronkari erantzuteko prest daudenak, behar ditugu. Egungo egoera politikoa aztertu beharra dago, programa eta politikak garatu, itxaropena eta baikortasuna pizteko moduko bisioak proposatu, eta horiek gauzatzeko estrategiak sortu.

Baina botere harremanak funtsezkoak dira: mahaian esertzeko aukera sortuko da enpresariak konturatu orduko komeni zaiela gu han izatea, ez kaleetan edo piketeetan.

 

*Artikulu hau Social Europe-n argitaratu zen, Manu Robles Fundazioak euskaratu du eta CC lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.