Sindikatuen ustez, absentismoa ez da arazoa, “baizik eta lan osasunerako araudia errespetatzen ez duen patronala”. Patronalaren jarrera salatzeko baliatu dituzte azaroaren 7an, Bilbon, Confebaskek gai horren inguruan antolatu dituen jardunaldiak.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin dute Confebask bildu den Bilboko The Artist hotelaren aurrean eta oharra argitaratu dute.
Oharrean azaldu dute Confebaskek hilabeteak daramatzala “fake news”tzat hartzen duten kanpaina egiten. Kanpainaren mezua hau dela diote: langileek bajak hartzen dituzte alferrak direlako eta bestelako baimen batzuk baliatzen dituzte lana egin nahi ez dutelako.
Eusko Jaurlaritzari eskatu diote patronalaren “diskurtso faltsuarekin” bat ez egiteko.
Patronalari egotzi diote langileen baimenak, lizentziak eta gainerakoak murriztea dela helburua, alegia, “urteetan langileek lortutako eskubideen aurkako joera” hartu duela. Sindikatuen ustez, patronalaren helburua boterea eskuratzea da eta horretarako osasun publikoa ahuldu behar du. Hala, familia medikuen eskumenak ezabatu nahi dituztela gaineratu dute eta baja arrunten kontrola mutualitateen esku utzi.
Baja-iruzurra dagoela zabaltzea leporatu diote, eta horretarako hedabideak, politikariak eta erakunde publikoak erabili dituztela.
Bilbon protesta egin duten sindikatuek Hego Euskal Herrian absentismoa arazoa dela gezurtatzeko hainbat datu eta argudio eman dituzte:
– Europan, Espainiako Estatua absentismo txikiena duten bost herrialdeen artean dago.
– Espainiako Estatuan, baja arrunten inguruko iruzurra (gaixorik egotearen itxura egin baja lortzeko) %4 da, eta presentismoa (lanera gaixo edo lesionaturik joatea) %41.
– Hego Euskal Herrian absentismoa Espainiako Estatuko beste lurralde batzuetan baino altuagoa da industriak pisu handiagoa duelako, eta ondorioz, lan istripu gehiago gertatzen direlako.
-Beste hainbat argudio ere zerrendatu dituzte: sindikatuen sendotasunari esker garaipen sozial gehiago lortu izana; greba gehiago egitea; langileak batez beste gero eta zaharragoak izatea; emakume gehiago egotea lan mundu ordainduan; eta eskubideen erabilpena gehiago gauzatzea. Sindikatuon iritziz, ezaugarri horiek ez dira negatiboak, “gizarte garatuago baten isla baizik”.
Nola lortu absentismo kopurua jaistea
Enpresei eskatu diete laneko segurtasun araudia betetzea eta langileen segurtasuna bermatzea, prebentzioa indartuz lortuko delako absentismoa “modu erradikalean jaistea”.
Prebentzioan zeregina badagoela erakusteko bi datu eman dituzte. Batetik, 2023an, Hego Euskal Herrian, 100.000 lan istripuren berri eman zen, eta horietatik erdiak egun bat baino gehiagoko baja eragin zuen. Bestetik, 2024an, 51 lan heriotza izan ziren, gutxienez.