argia.eus
INPRIMATU
Sindikatuek bat egin dute Bilbon bestelako espetxe politika eskatzeko
  • ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxaldek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Bilbon.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 18a
Sindikatuen elkarretaratzea. Argazkia: ELA

Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek presoen eskubideen aldeko iniziatibarekin bat egin dute, COVID-19aren aurreko mobilizazioak berrartuz. ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde "euskal preso guztiak arrazoizko epean jendarteratuko dituen beste kartzela politika baten alde" azaldu dira. 11:30ean egin dute elkarretaratzea, Bilboko Moyua plazan.

Eskatzen dituzten aldaketen artean, zenbait neurri "presazkoak" direla azpimarratu dute: hala nola, euskal preso guztiak "Euskal Herriko kartzeletara" gerturatzea, gaixorik daudenak eta adinez nagusienak une batetik bestera kaleratzea eta "gradu aldaketa eta ohiko kartzela legedian aurreikusitako kartzela onurak eskura izatea, inolako diskriminaziorik gabe". Guzti horrek salbuespen legedia "alde batera uztea" izan behar luke jomugan, sindikatuen iritziz.