EHUko eta irakaskuntza publikoko zentroetako garbitzaileak grebara deituta daude astelehenetik ostiralera. Sindikatu deitzaileen esanetan, deialdiak arrakasta handia izan du lehenbiziko egunetan. Hala, CCOOk adierazi du langileen %70ek egin duela greba astelehenean (azaroak 7). Prekarietatea gutxitzea eta soldatak igotzea eskatzen dute, besteak beste.
ELAk bere webgunearen bitartez zabaldu duenez, berriz, grebak ia erabateko jarraipena izan du EHUko Arabako eta Gipuzkoako campusetan, eta %70ekoa Leioakoan. Bigarren Hezkuntzan berriz, %90ek ez du lanik egin Gipuzkoan, %80k Araban eta %70ek Bizkaian. Sare sozialen bidez zabaldutako zenbait irudik erakutsi dutenez, grebaren ondorioak begien bistakoak dira zenbait zentrotan.
ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute greba egitera. 2014an iraungi zen sektoreko lan hitzarmena eta harrezkeroztik berritu gabe dago, negoziazioak orain urte eta erdi hasi ziren arren. Sindikatuen ustez, patronaleko enpresek –Garbialdi, Uni2 eta Villar– blokeatuta dute prozesua.
Soldatak %2,5 igotzea eskatu dute, “2010etik izoztuta baitituzte. Halaber, sektorean kontratu partzial gehiegi dagoela salatu dute; hala dabiltza langileen erdiak baino gehiagok. Hirugarrenik, udako hilabeteetan, ikastetxeak itxita dagoenean, langileak langabeziara bidatzen dituztela adierazi dute, eta horrek haien diru-sarrerak gutxitzea dakarrela. Baldintza horiek bere horretan mantendu nahi ditu patronalak, CCOOk adierazi duenez.
Sindikatuetako iturrien arabera, enpresek soldata igotzeko baldintzatzat ipini dute baja kopurua gutxitzea, “baina hain zuzen eurak ari dira langileen osasuna kaskartzen, lan kopurua handituz”; besteak beste, ordezkapenik ez eginez eta denbora berean lan gehiago aginduz, CCOOren hitzetan.