Osakidetzako sindikatu guztiek bat eginda, SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deialdi bateratua egin dute abenduaren 22an zentro guztien atarian biltzeko. Opor garaiaren ondoren, protestak kalera eramatea ere aurreikusi dute.
Datorren ostegunean, hilaren 22an, goizeko 11:00etan ospitaleen atarian protestara biltzeko deia egin dute eta 13:00etan, berriz, lehen arretako anbulatorio guztietan, eta mahai gainean jarri dute urte berriarekin batera kalera itzultzea, uda atarian egin zuten gisan. Aldarrikapenak bide beretik doaz, baina "larriagotu" egin da egoera; Lakuako agintariak osasun sistema desegiten eta lan baldintzak eskasten ari dela salatu dute.
Ohar bidez jakinarazi dutenez, begi bistakoa da osasun publikoaren hondatzea, bai profesionalentzako, baita herritarrentzat ere, eta Jaurlaritzaren propagandak ezin du ezkutatu jada herritarrek lehen pertsonan jasaten duten egoera.
Hilabeteak dira sindikatuek eta agintariek osatzen duten Mahai Sektoriala ez duela fruiturik eman; are gehiago, azken saioak ez dira egin ere. Askotan ikusten ez den bezala, alor honetan bat eginda agertu dira sindikatuak, eta horren ageriko, aurten gutxienez bi aldiz altxa dira guztiak batzarretik.
Azken aldiz abenduaren 7an bildu ziren Osakidetzako zuzendaritzarekin, Gotzone Sagardui han zela. Sindikatuen arabera, negoziatzeko batere borondaterik ez zuen erakutsi eta "inposaketaren bide bertikalarekin" jarraitzeko asmoa erakutsi zuen. Existitzen ez den negoziazio mahai bat irudikatzen du Osasun Sailak, sindikatuen arabera.
Horrez gain, sindikatuek bezala oposizioko alderdi politikoek ere badiote, "gobernantza eredua aldatu behar dela".