argia.eus
INPRIMATU
M22, Greba Hezkuntzan
Sindikatuak pozik azaldu dira gaurko grebaren jarraipenarekin
  • ELA, LAB eta Steilas sindikatuek poza agertu dute grebak izan duen oihartzunaz. Beren datuen arabera, langileen hiru laurdenak bat egin dute deialdiarekin eta zenbait eskualdetan ia erabatekoa izan da. Jaurlaritzaren arabera, aldiz, deituta ziren langileen erdia batu da grebara.

Axier Lopez @axierL 2017ko martxoaren 22a
Donostiako sindikatuen manifestazioa. Argazkia: LAB

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan egindako murrizketen aurka eta langileen lan baldintzak hobetzeko asmoz antolatu dute gaurko greba sindikatuek. Ia 28.000 langile unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta Haurreskolen Partzuergoko 1.200 langile baino gehiago deituta zeuden gaurko protestara.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako eguerdiko mobilizazioen ostean, eman dituzte grebari buruzko datuak. Horien arabera, jarraipena %75ekoa izaten ari da. "Jarraipena apalagoa izan da, aldiz, Bidasoa aldean (%60 inguru) eta Bilbo edo Ezkerraldean (%50 inguru)». Haurreskolei dagokienez, jarraipena %85ekoa dela adierazi dute. Beraz, "langileen gehiengo zabalak bat egin duenez deialdiarekin" oso pozik agertu dira emandako erantzunarekin.

Sindikatuen oharrean jaso dituzte gaurko mobilizazioaren eskaera nagusiak: Hezkuntza inbertsioa, langile kopurua eta baliabideak handitzea, behin-behinekotasun mailak murriztea, gelako ikasle kopurua murriztea, soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan... ezarritako murrizketak alde batera uztea, ikasle euskaldun eleaniztunak sortu dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea, LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea, hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, eta hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazioa eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea.

Sarean #m22 eta #grebaHezkuntzan traolak erabiltzen ari dira grebaren berri emateko. Jarraian gaurko mobilizazioen irudi batzuk: