argia.eus
INPRIMATU
Sindikatuak haserre, Hezkuntza sailak “aldebakartasunez” diharduelako
  • STEILAS, ELA eta LAB sindikatuek salatu dute pandemiaren ostean Jaurlaritzako Hezkuntza sailak egin dituen aldaketa guztiak "aldebakartasunez" egin dituela. Apirilaren 29an deitu du Hezkuntza sailak sare publikoko bilera, ikastetxeak itxi zirenetik bigarrena. Bilera hau ere "gai ordenik gabekoa" izango dela adierazi dute sindikatuek eta STEILASek erabaki du ez parte hartzea. ELA eta LAB bertan izango dira, baina bileraren eraginkortasunaz "eszeptiko" direla adierazi dute.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko apirilaren 29a

Apirilaren 29an bilduko da Jaurlaritzako Hezkuntza saila sare publikoko sindikatuekin: "Ikastetxeak itxi zirenetik hau izango da bigarren bilera" salatu du STEILAS sindikatuak. Sindikatu honek, ELAk eta LABek salatu dute "oraingoan ere gai ordenik gabekoa" izango dela.

Pandemian hezkuntza sistemako aldaketak "aldebakarrez" eta "jarrera autoritarioz"

Pandemia egoerak hezkuntzan ere aldaketa handiak ekarri ditu. Prozesu hori guztia ez dela sindikatuekin kontrastatuta eta elkarlanean egin adierazi dute sindikatuek: ELA eta LABek salatu dute apirilaren 22an Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ikasturte amaierarako aurkeztu zuen plana "aldez aurretik sindikatuekin eta langileekin partekatu eta adostu gabeko proiektua" dela. Hezkuntza sailak "Aldebakarreko erabakiak" hartu dituela salatu du STEILASek ere, "murrizketak ekarri dituztenak" gainera. ELA eta LAB sindikatuek eskatu dute irakaskuntzarekin zerikusia duen edozein erabaki publiko egin aurretik sindikatuekin negozia dezatela, "eta horrela, azken aldiko modu autoritarioak alde batera utz ditzatela". Orain artean Hezkuntza sailak sektoreko langileen proposamenei "entzungor" egin diela salatu dute. Eta gehitu dute azken asteotan hainbat galdera, iritzi, iradokizun eta eskaera helarazi dizkiotela Hezkuntza Sailari "COVID-19ren inguruan hartutako erabakien eta aplikatutako neurriei buruz". Salatu dutenez, "trukean, isiltasuna eta mespretxua baino ez dugu jaso Jaurlaritzaren aldetik".

STEILASek ez du bileran parte hartuko, ELA eta LABek errespetua exijituko dute

STEILAS sindikatuak "baldintza horietan bileran ez parte hartzea erabaki du". Apirilaren 29koa "inongo edukirik jasotzen ez duen bilera" izango dela adierazi du sindikatu honek. ELA eta LAB ere "eszeptikoak" dira bilera honen emaitzekiko baina parte hartuko dute, orain arteko eskaera eta salaketak bertan planteatzeko.

STEILASek Hezkuntza sailari eskatu dio "hezkuntza publikoa osatzen dugun sektore guztiekin negoziaketak abiarazi ditzan, egoera lazgarri honi gure ikasle eta langileen eskubide galera gabe aurre egin diezaiogun".