Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatu guztiak elkar hartuta mobilizatu dira ostiral honetan, ekainak 26, "Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politika" salatzeko. Lotsagarria da onartu behar izatea, baina pandemia honek erakutsi du Osakidetzako lantaldea akituta dagoela babes-neurrien faltagatik eta behin-behinekotasunaren ondorioz.
Eusko Jaurlaritza eta bera sostengatzen duten alderdiek, beti haizatu izan dituzte Osakidetzaren onurak; munduko gainerako lurraldeen aurrean ere eredu gisa jarri izan dute. Baina Espainiako Estatuko beste tokietan bezala, Osakidetza murrizketen protagonista bilakatu da, oraindik jasaten ari garen pandemia madarikatu honek erakutsi digu hori. EAEko osasun arlo publikoan ordezkaritza duten sindikatu guztiak (Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK) elkar hartuta mobilizatu dira "Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politika" salatzeko. Izan ere, euren ustez, "osasun publikoaren ahultze progresiboa eta kezkagarria eragin dute".
Lotsagarria da onartu behar izatea, baina pandemian zehar frogatu da Osakidetzako lantaldea fisikoki eta psikologikoki akituta dagoela, profesional bat hil eta beste 2.000 baino gehiago kutsatu dituelako birusak, babes-neurrien faltagatik. Lotsagarria da egiaztatu behar izatea Osakidetzaren barruko kutsatzea hain handia izan dela: bertako langileek EAEko kasu guztien %18 ordezkatzen dute.
Babesik eza, enplegu prekarioak, behin-behinekotasun handia, kontratazioaren gehiegizko eta iruzurrezko erabilera, non Osakidetzako langileen % 40 aldi baterako den… Horiek guztiak Jaurlaritzak mantentzen dituen murrizketa-politiken adibide dira.
Sindikatu guztiek salatu duten egoera larri hori, eta hauteskundeak datozen honetan, Lakuak sikiera aitortu egin beharko luke murrizketa horiek egin dituela. Horrela bakarrik bideratu ahal izango ditu Europako batez bestekoaren antzeko partida ekonomikoak, eta kalitatezko osasuna ziurtatu. Horretarako, besteak beste, garrantzitsua da lantalde nahikoa, egonkorra eta duintasunez ordaindua izatea, prekarietatea eta behin-behinekotasuna baztertuz.