argia.eus
INPRIMATU
Sindikatua eraldatu eta egitura osoa zeharkatuko duen eredu antirrazista lantzeko tresnak aurkeztu ditu LABek
  • LABeko Idazkaritza Antirrazistako arduradun Josefina Txefi Rocok eta zenbait afiliatu migratzailek azaldu dute nola sindikatuak helburu duen langile migratuen eta/edo arrazializatuen eskubideak eta antolaketa kolektiboa defendatzeko tresna baliagarriak eraikitzea.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2023ko ekainaren 02a

LAB sindikatuak Sindikalismo Antirrazistaren Idazkaritza sortzea erabaki zuen 2022ko ekaineko azken kongresuan, sindikalismo berri baten aldeko apustuaren baitan.

Pertsonen administrazio-egoera, arraza edo erlijioa, besteak beste, egunero erabiltzen dira langile migratuak eta/edo arrazializatuen eskubideak urratu, diskriminatu eta xantaia egiteko. Horrela, sistema kapitalista-kolonialak eta patriarkalak lehen, bigarren edo hirugarren mailako subjektuak sortzen ditu, eta desberdintasun horietatik etekinak ateratzen ditu, langileen artean lehia faltsuak sorrarazten dituelarik.

LABek pertsona guztiek eskubide eta aukera berberak izan beharko lituzketela defendatzen du. Beraz, sindikatu gisa, egoera horiek guztiak ondo irakurtzeko gai izatea eta langile migratuen eta/edo arrazializatuen eskubideak eta antolaketa kolektiboa defendatzeko tresna baliagarriak eraikitzea du helburu. Zor koloniala konpontzen laguntzeko ez ezik, lankide horiek Euskal Herrian ekarpen sozial eta politiko handia egiten dutelako eta hori aitortu eta balioetsi behar dela uste duelako hartu du bide hori LABek.

Bada, aurkezpenean azpimarratu dutenez, LABen sindikalismo berria ez litzateke posible izango Huerta de Peraltako lankideen, etxeko langileen atalekoen, banaketa-plataformetakoen, garbitzaileen eta beste askoren ekarpenik izan ezean.

LAB sindikatuak arrazakeriaren aurkako sindikalismoaren plan estrategiko bat dauka jada, prozesu kolektibo baten emaitza izan dena eta lau dimentsio nagusi jorratuko dituena modu integralean. Honela dio LABek:

  • Kontzientzia sindikal antirrazista: Kontzientzia sindikal antirrazista garatzea da aurreiritzien, joeren eta arrazakeriaren presentzia identifikatzen zein eguneroko praktiketan halakoak desmuntatzeko lagungarri diren tresnak izateko lehen urratsa. Horrek LAB osatzen duten pertsona guzti-guztiak inplikatzen ditu. Aldi berean, subjektu politiko gisa migratutako eta arrazializatutako langileek LABen barruan elkartzeko, artikulatzeko eta aitortzeko lekua izan dezatela ahalbidetuko da, sare propioa sortu ahal izateko eta, hala, sektore, lurralde eta borroka guztietan ikusgarritasun eta bozeramailetza handiagoa izateko.
  • Antirrazismoa sindikatu osoaren baitan: Antirrazismoak gai zehatzetan izan behar du isla: egituran, antolaketan, funtzionatzeko moduetan... Hala, hainbat gai berrikusi eta egokitu beharko dira langile migratuen eta arrazializatuen irisgarritasuna, presentzia eta parte-hartzea errazte aldera. Horretarako, gainera, prestakuntza politiko eta teknikorako prozesuak eta materialak sustatuko dira, antirrazismoa ezarri eta aurreiritziak, pribilegioak, beldurrak eta erosotasun-eremuak detektatu eta desmuntatzeko.
  • Ekintza sozio-sindikal antirrazista: Ekintza sozio-sindikal antirrazista bultzatzea, langile horien baldintza eta errealitate zehatzetatik abiatuta, beraiek izango baitira protagonista, borroka eta antolaketa kolektiborako modu berriak birsortuz eta esploratuz.
  • Eragin soziala eta politikoa: LABek ekarpen sozial eta politikoa egin nahi du guztiontzako eskubideak eta aukerak izango dituen Euskal Herria eraikitzeko. Ildo horretan, proposamenak egin eta neurri politikoak exijituko ditugu.