Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako UGT sindikatuaren zuzendaritzak erabaki du elkarrizketa sozialerako mahaia uztea, CCOO sindikatuak ere beste hainbeste egin ostean. ELAk eta LABek hasieratik ez zuten parte hartu. Horrenbestez, sindikaturik gabe, kolokan geratu da organoa.
Raul Arza UGTko idazkari nagusiak asteartean azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak Confebaskekin “gauez eta azpikeriaz” sinatutako akordioak eraman du sindikatua mahaia uztera. Arzak kritikatu du Urkulluren gobernuak enpresariekin aldebiko harremana bultzatzen duela, eta ez hiru aldetako elkarrizketa erakunde, patronal eta sindikatuen artean.
Gainera, Arzak nabarmendu du patronalarekin egindako akordioak alde batera utzi duela Jaurlaritzako Enplegu eta Justizia saila bera ere –Maria Jesús San Jose PSE-EEko kideak zuzendua–. EAJk eta PSEk osatzen duten gobernuari dei egin dio, “dagokien debatea” egin dezaten, gai horren inguruan.
Sindikalistak iradoki duenez, Confebaskekin sinatutako akordioak ez du eduki Enplegu sailaren oniritzirik.