argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Legebiltzarrak Altsasuko gazteen aldeko martxan parte hartzera deitu du
  • Datorren larunbatean Iruñean Altsasuko gazteei sostengua emateko deitutako manifestaziora joateko deia egin du astelehen honetan Nafarroako Legebiltzarrak. Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek alde egin dute eta oposizioak aurka.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 09a
Sakana, Arabako Lautada eta Goierriko alkate eta ordezkariak bildu dira asteburuan Arbizun, Altsasuko Gurasoekin batera (Arg: Altsasuko Gurasoak)

Sakana, Arabako Lautada eta Goierriko alkate eta ordezkariak bildu dira asteburuan Arbizun, AltsasuMartxan herri ekimenaren seigarren etapan. Altsasuko auziperatuei eta gurasoei sostengua eta berotasuna emateko asmoz Nafarroa zeharkatzen ari dira AltsasuMartxan ekimeneko parte hartzaileak. Oraingoan, aipatu hiru bailaretako alkate eta ordezkariak bildu dira Altsasun auziperatuen gurasoei elkartasuna adieraztera.

Arbizuko alkate Karmele Marañonek adierazi du Altsasuko tabernan jazotakoa ez dela terrorismoa, aitzitik, “justizia behar dugula” esan du eta Altsasu, Sakana eta Euskal Herria “bakean uztea” eskatu du. Iritzi berbera eman du Urdiaingo alkate eta Sakanako Mankomunitateko Lehendakari David Orozek.

Altsasuko Gurasoen izenean Gotzon Urrizolak hartu du hitza, eta azken hilabeteetan jasotako elkartasuna eskertuz “justizia” aldarrikatu du.

Nafarroan zehar Altsasuko zortzi gazte auziperatuen aldeko martxa egin dute, eta Ahotsa.infok martxaren laburpena jaso du bideo honetan.

Altsasuko gazteen auziaren epaiketa apirilaren 16an izango da, eta Martxako parte hartzaileek hil bereko 14an Iruñean egingo den manifestaziora joateko dei egin dute.

Sindikatuak auziaren aurka

CCOO, ELA, LAB, ESK, CGT, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek ohar baten bidez jakinarazi dute Altsasuko gazteen aurkako auzia arbuiatzen dutela. “Terrorismotzat jotako gertakarien kalifikazioari, 375 urte batzen dituzten 12 eta 62 espetxe zigorren eskaerari eta duela 16 hilabete presoaldi prebentiboan dauden hiru gazteen egoerari gure errefusa adierazten diogu”, jakinarazi dute.

 “Gertakariei ezarritako kalifikazio penalaren desegokitasunak, leporatze horiek eutsi ahal izateko behar diren betebehar juridikoak ez betetzeak, proportzionaltasun-faltak eta tipo penalen interpretazio hedakorrek pertsona guztiak babestu behar gaituzten askatasunak berme prozesalak eta segurtasun juridikoa urratzen dituzte”, adierazi dute, eta horregatik, eskatu dute presoaldi prebentiboko kautelazko neurriak kentzea eta auzia Nafarroan epaitzea.