Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.
Hamaika hitzaldi, mahai-inguru eta eztabaida izango da ostegun eta ostiral honetan Leioan, EHUren Lan Harremanen eta Gizarte Lanaren Fakultatean, aditu eta ekintzaile ugariren eskutik, Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean.
Antolatzaileen abanikoa ikusita, jadanik sumatzen da sindikalgintzaren eta lan-harremanen arloan mugarria ipini dezakeela: EHUko Lan Harremanen eta Gizarte Lanaren Fakultatea; GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide kooperatiboaren institutua; Manu Robles-Arangiz Fundazioa (ELA sindikatua), Ipar Hegoa Fundazioa (LAB sindikatua); Moncho Reboiras Fundazioa (Galiziako CGT sindikatua); Salvador Seguí Fundazioa (Espainiako Estatuko CGT sindikatua) eta Grup d'estudis (Herrialde Katalanetako intersindikala). Gainera, kongresuak Quebeceko Gobernuaren laguntza izan du.
Langile prekarioen problematikak aztergai
"Modu kapitalistan antolatutako lana tentsio eta kontraesan ugarik zeharkatzen dute, eta langileek erantzun sortzaileak bilatu behar ohi dituzte, bai indibidualak, bai kolektiboak", horrela dio kongresuaren aurkezpen testuak. Baina erronka horri aurre egiteko antolaketa-tresnak artikulatzea ezinbestekoa den arren, testuak dio "kezkagarria" dela sindikalismoak jasotzen duen arreta urria, askotan "anekdota" gisa agertzeraino.
Langileen erronkei aurre egiteko antolaketa-tresnak artikulatzea ezinbestekoa den arren, kongresuaren aurkezpen testuak dio "kezkagarria" dela sindikalismoak jasotzen duen arreta urria, askotan "anekdota" gisa agertzeraino
Horrela, sarritan, lan munduari loturiko azterketek –eta ondoren ezartzen diren politikek– ez dituzte jasotzen langileek dituzten problematikak, "bereziki, gutxien antolatuta dauden sektore prekarioenenak", hots, feminizatutako eta arrazializatutako sektoreenak.
Patriarkatuaren menderatze estrategiez gain, beste arazo eta erronka asko ere bistarazten dituzte egoera horiek: lanaren atomizazioa, industriaren trantsizio ekologikorantz dauden postura kontrajarriak, sindikatuen barne-eraldaketarako gaitasuna eta prestakuntza, lan gatazkak eta grebak negoziazioaren erdian jarri beharra...
40 komunikazio
Horretaz eta askoz gehiagotaz jardungo dira bi egunotan. Kongresuan lau hizlari nagusi izango dira, esperientzia handikoak laurak ere: Pastori Filigrana, Yayo Herrero, Marti López Andreu eta Miguel Martínez Lucio.
Kongresuan lau hizlari nagusi izango dira, esperientzia handikoak laurak ere: Pastori Filigrana, Yayo Herrero, Marti López Andreu eta Miguel Martínez Lucio
Gainera, sindikatu antolatzaileekin mahai-ingurua ere antolatu dute, eta 40 komunikazio aurkeztu dira, gai eta sektore ugariren arabera mahaitan banatuta eztabaidatzeko: antiarrazismoa, feminismoa, zaintza, eredu ekonomikoen eraldaketa, desazkundea...
Sindikatuetako ekintzaileez gain, hainbat unibertsitateko adituek parte hartuko dute kongresuan, baita beste eragile batzuek ere: Madrilgo maizterren sindikatuak, Ipar Euskal Herriko Alda elkarteak, El Salto egunkariko Gessamí Forner kazetariak, CNTk eta Aragoiko Osta sindikatuek, eta Talaios kooperatibako Oscar García ekonomia eraldatzailean adituak ere komunikazio bana aurkeztu dute.
Ostegunean, Yayo Herreroren eta Pastora Filigranaren kongresu hasierako txostenen ostean, eztabaida-mahaien saioei emango diete paso. Ostiralean, berriz, beste bi hizlari nagusiak entzun eta eztabaida-mahai gehiagotan ariko dira, eta eguerdi partean amaiera ekitaldi bat izango da.
Programa osoa hemen.