Ekaineko datuen arabera, sindikatu espainiarren adarrak %50eko ordezkaritzara ez dira iristen. LABek %15eko langa gainditu du historian lehendabizikoz.
Nafarroako mapa politikoan aldaketa nabarmena gertatu zen iaz, eta pixkanaka, joera hori sindikalgintzara hedatzen ari da. Esaterako, zenbait aktore pisua hartzen ari dira lan harremanen eszenatokian. LABen kasua da; 1982an %4,5eko ordezkaritza izatetik %15,08 izatera pasa da. Diario de Noticiasek argitaratu duenez, azken urtean portzentualki gehien hazi den sindikatua da, 890 delegaturekin.
Modu pausatuagoan, baina goranzko bidean jarraitzen du ELAk ere. 2005etik 2015era %21 eta %22 artean mantendu ostean, azken sei hilabeteetan %0,5 igo zen sindikatu abertzalearen ordezkaritza. 2013an hasitako gorakadak %1,2 igo zuen afiliatuen kopurua.
“UGT eta CCOOren alternatiba nagusia gara enpresetan”, adierazi dute ELAko kideek. Esandakoak badu funtsa: 1.314 delegaturekin, sindikatuak gero eta gertuago du Nafarroako bigarren indartsuena izateko aukera: %1,6ra du CCOO.
UGT eta CCOOk osatzen dute txanponaren beste aldea. Sindikatu espainiarren adarrek azken 27 urteetako ordezkaritza baxuena dute: bien artean ez dira %50era iristen. Duela sei urte, bien arteko batura Nafarroako sindikalgintza osoaren %55,6 zen. Egun, %49,6koa da.
UGTren iturriek zehaztu dutenez, krisiaren eraginak du beherakadaren errua: “Delegatu gehien dituenak izan ohi du galerarik handiena”. UGT eta CCOOk 1.521 eta 1.410 delegatu dituzte, hurrenez hurren.