argia.eus
INPRIMATU
Sindikalgintza abertzalearen erronka
  • Sindikalgintza abertzalea, hein handi batean ELA eta LABek osatua, bere iragan eta batez ere etorkizunaren inguruko hausnarketa sakonaren aurrean dago.

Juan Mari Arregi 2017ko maiatzaren 18a

Bi sindikatuek, hala nola CCOOk, euren biltzarrak egingo dituzte hilabete honetan eta ekainean. Horietatik aterako diren ondorioak garrantzitsuak dira oso, hurrengo lau urteetan jarduteko oinarriak bideratuko baitituzte, etengabe eguneratzen ari den eta langileen kontrako politikak egiteko batasun erabatekoa erakusten duen Kapitalaren aurrean.

Sindikatu abertzaleen ponentzietan badago ideia bat errepikatzen dena: Biek esaten dute ekintza sindikal bateratua indartu behar dela, kapitalismoaren erasoaldia gainditzeko. Burujabetza prozesua garatu eta bi borrokak –klasearena eta nazioarena– uztartzearen aldeko dira; euren autonomia politiko eta finantzarioa bultzatu nahi dute; ekintza sindikala beste langile eta herri sektoreetara hurbildu… Azken batean, askoz gehiago dira batzen dituzten estrategiak banatzen dituztenak baino. Seguruenik negoziazio kolektiboa izango da bien arteko diferentzia nabariena. Baina adostasunak aurkitu daitezke eta, hor ere, pixkanaka aurrera egin ekintza sindikal bateraturantz.

Ondo legoke bi sindikatuek euren biltzarrak aprobetxatzea biluzteko, soinetik gehiegizko zamak eta protagonismoak kenduta. Aurrean ditugun erronka berriei zintzotasunez eusteko ere balio dezakete bilkura horiek: gazteen edo 45 urtetik gorakoen arteko langabezia, pentsiodunen egoera, prekarietatea, lan-istripuak, genero desberdintasuna, robotizazioa, migrazioak, burujabetza ekonomikoa… Kapitalismoa basatia da, indartsua eta baturik dago, “etengabe berritzen” ari da eta halaxe mugitzen ditu gobernuetako hariak.