argia.eus
INPRIMATU
Sinadura bilketan ari dira Gipuzkoako Aldundiari galdetzeko: “Pixoihalen birziklapena noizko?”
  • Andoaingo Ipar Haizea elkarteak ekin zion sinadura bilketari Ingurumenaren nazioarteko egunean eta oporren aurretik borobildu nahi lukete: pixoihalak eta antzeko higiene produktuen gaikako bilketa eta birziklatzeari ekin diezaiotela Gipuzkoako agintariek.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko uztailaren 02a

Sinadura bilketa Change.org plataforman hasi zuten eta lerrok idazteko orduan 1.387 sinadura zeuzkaten batuta. Baina gainera Osoigo plataforman abiatu dute kanpaina Gipuzkoako agintariei eskatzeko galdera honi erantzutea: "Pixoihalen birziklapena noizko?". Honela argudiatzen dute eskaria: "Pixoihalak birziklatu daitezke, baita gainerako higiene produktuak. Gipuzkoan bada teknologia hori egiteko Goierriko enpresa bati esker, baina Aldundiko egungo agintariek ez dute baimendu lanean hastea. Teknologia honi esker zabor tona mordoa murriztuko lirateke. Pixoihalak eta higiene produktuak benetako errefusaren %70a dira. Europako hondakinen hierarkia beteko litzake. Hau martxan ez jartzea soilik ulertu daiteke erraustegiari jana eman nahi izateagatik. Exijitu dezagun pixoihalen birziklapena!". Albiste hau eguneratu den unean 304 atxikimendu zeuzkan bilduta.

Ipar Haizeak aipatzen duen enpresa Birzitek da, duela bi urte 2017an hedabideetan aski aipatu zena. Orduan jakinerazi zenez, Goierriko hiru enpresak elkartuta sortua da Birzitek: Goilaser (Zegama), Ogei (Olaberria) eta Modube (Segura). Birzitek aurrera ateratzeko Goieki garapen agentziaren eta Get Goierri ekimenaren laguntza ere eduki dute. «Pixoihalak txikitu, garbitu eta ondoren materialak banatzea da giltza, alde batetik plastikoa eta bestetik zelulosa», azaldu zuen orduan Olaia Mendoza Birzitek enpresaren zuzendariak. Proiektuak Espainian plastiko eta ontzi arinen birziklatzeaz okupatzen den Ecoembes erakundearen R saria jaso zuen 2017an.

Birziteken web instituzionalean ikus daitekeenez, EAEko agintarien bedeinkazio eta dirulaguntzekin abiatu zen proiektua: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, SPRI... Orain Ipar Haizeak eskatzen duen bakarra da abian jarri dadila diru publikoz lagunduta antolatutako egitura guztia eta erraustegirako bideda moztu diezaiotela Gipuzkoan urte osoan pixoihal eta antzekoetan pilatzen diren 20.000 hondakini.

Birzitek proiektuko parte hartzaileak Beasainen beren soluzioa aurkezten 2017an. (Argazkia: Goimen)

(Albiste hau 2019-07-03an eguneratu da)