AHT Arabar Errioxatik pasatzeko mehatxuaren aurrean, herritarrak antolatzen hasi dira. change.org atarian sinadura bilketa martxan jartzea ekimenetako bat izan da.
Miranda de Ebro eta Logroño lotuko ditu Abiadura Handiko Trenak. Espainiako Gobernuak lau ibilbide ezberdin aurkeztu ditu, eta horietako bik Arabar Errioxa zeharkatzen dute.
Herritarrak haserretu ditu albisteak, baina ardogintzaren sektorea haserre egoteaz gain, oso arduratuta dago. Are gehiago, Arabar Errioxako herri esanguratsuena mehatxupean dago: Bastida.
Upategi eta mahastizain txikien elkarteak salatu duenez, “eskualdeko ardogintza bizirik dagoen kultur ondare historikoa da, babestu beharrekoa. Ingurumenarentzat, gizartearentzat, ekonomiarentzat eta kulturarentzat ekarriko lituzkeen galerak hain handiak lirateke, ezen eskualdea eta sektorea desagertu egingo bailirateke orain ezagutzen ditugun moduan”. Zentzu honetan, erakunde ezberdinei batera erantzuteko deia egin diete.
Mehatxupean dauden beste bi herri Zanbrana eta Buradon Gatzaga izango lirateke: lau proposamenetako batek Mañueta, Villabuena, Eltziego eta Lapuebla de Labarcaren lurrak igaroko lituzke, Logroñora heldu aurretik. Samaniego, Leza, Navaridas, Paganos eta Guardia, aldiz, ibilbidetik apur bat aldenduta geratuko lirateke, baina AHTren eragina izango lukete.
Honen aurrean, herritarrak antolatzen hasi dira. Ekimenetako bat change.org atarian sinadura bilketa martxan jartzea izan da. Lerro hauek bukatu aurretik 4.000 sinaduretatik gertu zegon ekimena.
Orain, lau proiektuetatik zein aukeratzen duten ikusteke dago, ibilbide merkeena eta laburrena delako eskualdeari gehien eragiten diona: 57 kilometro izango lituzke, 4,8 km lur azpian, eta beste 7,2 km zubibideetan; eta 710 milioi euroko aurrekontua luke. Lau proiektuetatik, bik Arabar Errioxa mehatxatzen dute. Beste biek, ordez, ez. Hori bai, ibilbide luzeagoa beharko lukete Logroño eta Miranda de Ebro lotzeko.
Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta