XV. mendeko eraikin historikoa mantendu eta bizilagunei etxebizitza bat bermatzea exijitzeko hasi dute kanpaina. Adif sozietateak AHT egiteko bota nahi du dorretxea, eta ordainetan diru kopuru “irrigarria” eskaini die desjabetuak izan diren herritarrei.
Donostiako Okendotegi pasealekuan, Astigarragako Ergobi auzotik oso gertu, orain arte nahiko oharkabean pasa den altxor arkitektoniko bat ezkutatzen zuen Urumeak: Donostiako eraikin zibil zaharrenetakoa den Erbetegi dorretxea. Ancora elkarteak aste honetan bertan nabarmendu du etxe horren balio historikoa, eta mantendu dadila eskatu die Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Aldundiari, beharrezko kontrol arkeologikoak eginez.
Auzokoek jakinarazi dute adineko emakume bat duela gutxi hil dela, “hein batean situazio honek sortu zion antsietatearen ondorioz”
Han bizi diren familiek salatu dute AHTko obra proiektuaren azken orduko aldaketa baten ondorioz Adifek behera botako duela eraikina. Orain sinadura bilketa hasi dute, sozietate publikoari eskatzeko hasierako trenbide trazatura itzul dadila eta dorretxea zutik mantendu dezala.
Nolanahi ere, “etxebizitza etxebizitzaren truke” eskatzen dute, eta salatu dute Donostiako Udalak alokairu sozialak baino ez dizkiela eskaini. Bizilagunen artean, badago eraikin historikoa birgaitzeko egindako lanengatik oraindik hipoteka ordaintzen ari denik, baita “egoera ekonomiko zaurgarrian” daudenak, pentsionistak eta haurrak ere.
Antsietatea
Abenduan agerraldia egin zuten Donostiako udaletxean eta haietako adineko emakume batek azaldu zuen bere egoera: “Bakarrik nago eta ezin naiz ibili”. Auzokoek jakinarazi dute emakume hori duela gutxi hil dela, “hein batean egoera honek sortu zion antsietatearen ondorioz”. Urtarril amaierako udal plenoan saiatu ziren zinegotzi eta alkateei larritasun hori adierazten, baina Eneko Goia alkateak ez zien hitzik eman.
Ancora elkarteak aste honetan dorretxearen balioaz publiko egindako informazioaz galdetuta, alkateak Irutxuloko Hitzari erantzun dio gaia “aztertuko” dutela, baina “deigarri” egiten zaiola hirigintza planetan ez aipatua izatea. Aitzitik, ARGIAk asteazkenean azaldu zuen moduan, Erbetegi dorretxearen historia aski ikertua zegoen jadanik 2005ean, Donostiako aldizkari espezializatu batean (pdf). Harrigarriro, ez da Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian katalogatu.
Goiaren esanetan bizilagunen egoeraren aurrean legeak “mugaturik” daude bitartekaritza lana soilik egitera. Okendotegiko aldirietako bizilagunek, baina, garbi dute: eurak ere Donostiako herritarrak dira eta irtenbide duina eskatzen dute.