Euskalerria Irratia Iruñerrian euskara hutsean emititzen den irrati bakarra da eta 25 urte daramatza lizentziarik gabe. Koldo Martinez Urionabarrenetxea Euskara Kultur Elkargoko presidentea eta Geroa Bai koalizioko Zabaltzen independenteen taldeko buruak kanpaina bat abiatu du Interneten Nafarroako Gobernua presionatzeko eta herritarrei eskatu die atxikimendua sinatzeko.
“Lizentziak banatzeko egin diren lehiaketetan Gobernuak garbi jokatu izan balu, irratiak lizentzia izango luke”, adierazi du Martinezek Change.org-en idatzitako eskutitzaren bitartez. Era berean herritarrei eskatu die lizentziaren aldeko sinadura emateko eta eskakizuna Nafarroako Gobernuari bidaliko zaio gero.
Kanpaina hasi eta bi egunetara 750 lagunek baino gehiagok sinatu dute eskaera.
25 urte lizentziarik gabe
Nafarroako Gobernuak banatzen ditu lizentiak eta Iruñerriko irrati euskaldunari ez diote inoiz eman. Irratiko kideek beren egoera salatzeko abiatu duten kanpainan adierazi dutenez 25 urte daramatzate “entxuferik gabe”. Duela bi hilabete Europako Kontseiluak eskatu zion Nafarroako Udalari Euskalerria Irratiari lizentzia emateko.