argia.eus
INPRIMATU
Sinadura bilketa Bilboko Udalak berdintasunaren alde apustua egin dezan
  • Hamabi talde feministak Emakumeen Etxea, Jabekuntza Eskola eta Berdintasun Sailerako aurrekontu handiagoa eskatu dituzte, besteak beste.  Donostiaren eta Gasteizen aldean, Bilboko Udalak berdintasunaren alde ez duela ezer egiten salatu dute.

ARGIA @argia 2015eko maiatzaren 22a
Bilboko udaletxe aurrean, berdintasun politika kaskarrak salatzen. Argazkia: Bilbo Feminista Eraiki.

Bilbo Feminista Eraiki lantaldea sortu dute hamabi talde feministak, azken 40 urteotako borrokak borroka, Udalaren berdintasun politikak kaskarrak direla uste dutelako. Manifestua sinatu dute eta ondoko eskariak egin dituzte: Emakumeen Etxea; Jabekuntza Eskola; Emakumeen Dokumentazio Zentroaren iraunkortasuna bermatzea; Berdintasun Sailak aurrekontu hobeak izatea; emakume eta feminista taldeentzat diru-laguntza duinak; Udalak emakumeen mugimenduarekin koordinazio hobea izatea; eta indarkeria matxistaren kontrako apustua egitea.

Teresa Maldonado Feministaldeko kideak uriola.eus-en adierazi duenez: “EAEko gainerako hiriburuekin alderatuta Bilbon ez da ezer egiten berdintasunaren alde. Gasteizera begiratu besterik ez dago hortaz jabetzeko, eta hori, PPko gobernu bat dutela”.

Manifestua ondoko taldeek sinatu dute: Bizkaiko Emakume Asanblada, Ecuador Etxea, Bilgune Feminista, Aldarte, Lanbroa, Feministalde, Mujeres del Mundo, Mugarik Gabe, MDMA, Centro de Documentacion Mujeres Maite Albiz, Sare Lesbianista eta Ladyfesta. 10.000 sinadura biltzea nahi dute eta oraingoz 783 lortu dituzte.