argia.eus
INPRIMATU
Sinadura bilketa abian, euskal administrazioek software librea erabil dezaten
  • Eusko Jaurlaritzari dei egiteko baliatu nahi dute bilketa, aldeko jarrera aktiboa izan dezan. Dagoeneko 300dik gora lagunek babestu dute egitasmoa.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 07a
Sinadura softwarelibreanahidugu.eus web orrialdean eman daiteke.

“Jendarte askeak, software librea” lemapean teknologia libreen erabiltzaileek sinadura bilketa abiarazi dute, dagoeneko 300dik gora lagunen babesa jasoz. Norbanakoez gain, zenbait eragilek ere babestu dute egitasmoa: hala nola, EH Bildu, Goiener, Sinsitio, Gipuzkoa Sharek, eta Lakari, Talaios eta Uztarria kooperatibek.

Bost puntuko manifestua softwarelibreanahidugu.eus orrialdean sinatu daiteke. Softwaren librearen defentsa egiten du manifestuak. Besteak beste, berdintasuna, solidaritatea, giza garapena eta parte-hartzea sustatzen dituela azpimarratu dute, estandar publikoen eta formatu irekien erabilera bultzatu eta independentzia teknologikoari dakarzkion onurak aipatzearekin batera.

Halaber, Eusko Jaurlaritzari eta gainontzeko euskal administrazio publikoei eskaera luzatu diete. Software librearen erabilera bultzatzeko, admnistrazioan ezartzeko eta zergak haien garapenera bideratzeko galdegin diete. Eskola heziketan programa libreen erabilera sustatzeko ere eskatu dute, software librearen erabiltzaileekin aktiboki lan egiteako nahia azaltzearekin batera.

Horrez gain, irailaren 25eko Euskal Autonomia Erkidegoko bozetara aurkeztuko diren lehendakarigaien iritzia jakiteko nahia adierazi dute sinadura bilketaren bultzatzaileek. Horretarako, aurkezten diren alderdi politikoei mezua bidali diete, eta haien erantzunekin txosten bat osatuko dute.