argia.eus
INPRIMATU
Simaurra eta zaborra bota dituzte ERC eta PDeCAT alderdien egoitzetan
  • Merda de partits (alderdi nazkanteak) izeneko kanpaina abiatu dute CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeek, “herriaren borondatearen” aurka jarduten ari direla argudiatuz.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 05
Merda partits (alderdi nazkanteak) mezua PDeCAT alderdiaren egoitzan. Argazkia: CDR Catalunya @CDRCatOficial

PDeCAT eta ERC Kataluniako alderdi soberanisten Terrassa, Balaguer eta Tarragonako egoitzetan simaurra eta zaborra bota dituzte igande gauean, independentzia gauzatzeko borondate eza salatzeko. Twitter bidez salatu dute Quim Torraren gobernua independentzia gauzatzeko lan egiten ari ez dela, eta gehitu dute joan den asteko atxiloketen erantzuleak direla.

“Ez duzue independentzia gauzatzeko lanik egiten. Ekintzaileak atxilotzen dituzue. 155arekin akordioak egiten dituzue. Herriaren bozak gutxiesten dituzue. Herriak agintzen du eta Govern-ak esana betetzen du, argi?”, esan dute.

Simaurra eta zaborra botatzeaz gain, hainbat kartel eta mezu utzi dituzte egoitzetan, gaur egungo egoera salatzeko. Merda de partits (alderdi nazkanteak), merda de pactes (itun nazkanteak) eta aquesta terra no perdona a traïdors (herri honek ez ditu traidoreak barkatzen). “Herriaren borondatea alde batera uzten baduzue, U1-a kolektiboki egin genuela ahazten baduzue, protestak kriminalizatzen badituzue, 155-arekin itunak sinatzen badituzue, Kataluniako Errepublika aldarrikatzen ez baduzue, aurrean izango gaituzue”, gehitu dute batzordeek.