Jatorriz boliviarra den Getxoko emakume batek Ertzaintzaren eraso arrazista jasan zuela, emakumearen salaketari ertzainek kontrasalaketa jarri ziotela eta orain Jaurlaritzak, autoritatearen aurkako atentatua leporatuz, emakumearen aurkako zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen duela salatu du Getxoko hainbat elkartek. Kanpaina abiatu dute, prozesu judizialaren bezperetan.
SOS Arrazakeriak kaleratu duen oharraren arabera, 2018ko maiatzean, Polizia supermerkatu baten atarian zegoen eskalea jazartzen ari zela ikusi eta haren defentsan esku hartu zuen Silvia emakume arrazializatuak. Ertzaintzak komisariara eraman eta han “bortizki eraso” zuten, “ukabilkadak eman zizkioten”. Emakumeak salaketa jarri ostean, kontrasalaketa jarri zuten agenteek, baina gertakaria bideoz grabatuta dago eta “ertzainek euren errelatoan atzera egin behar izan dute”, dio SOSek. Auto judizialak neurrigabetzat jotzen du polizien jarduna.
Eusko Jaurlaritzak, ordea, zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du Silviarentzat, “erresistentzia eta autoritatearen aurkako atentatua” egotzita. SOS Arrazakeriaren hitzetan, Jaurlaritzaren salaketa neurrigabea interpretatu daiteke Silviaren aurkako zigor gisa, “tortura poliziala salatzeagatik”. Horrez gain, ikerketaren erregistro falta “gauza larria” dela eta Silviari tortura ikertzeko Istanbulgo Protokoloaren peritu-txostena aurkeztea ukatu zaiola kritikatu du SOSek.
Epaiketa eta mobilizazioak
Urriaren 4 eta 5ean egingo da Silviaren aurkako epaiketa, eta horren aurrean, Getxoko bizilagunari babesa adierazteko eta “esku-hartze polizial arrazistak amaitzea” eskatzeko kanpaina abiatu dute herriko hainbat elkarte eta alderdi politikok: Algortako Bilgune Feminista, Haziak, Mujeres con Voz, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria Bizkaia, EH Bildu Getxo eta Elkarrekin Podemos Getxo.
Urriaren 3an, manifestazioa deitu dute Erromon, arratsaldeko 19:00etan, Santa Eugenia plazatik abiatuta. Epaiketa egunetan ere, elkarretaratzeak egingo dituzte Bilboko auzitegi atarian, goizeko 9:45ean.
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek mozio bateratua aurkeztuko dute irailaren 28ko udal plenoan, kasua salatu eta Silviari elkartasuna adierazi asmoz.