argia.eus
INPRIMATU
Ertzainek jipoitu zuten Silviaren auziko grabazioak desagertu direla aprobetxatuta, epaiketa baliogabetzea eskatu du Eusko Jaurlaritzak
  • SOS Arrazakeria Bizkaiak grabazioen desagerpena azken ondorioetaraino ikertzeko eta biktimarentzat justizia eta erreparazioa eskatu ditu.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 15a

Iragan azaroaren 30ean, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion ertzain bati, Silvia izeneko emakume arrazializatuari hainbat ukabilkada emateagatik komisarian atxilo zegoela. Istanbulgo protokoloa epaiketan onartzeari esker eta lesio fisikoak eta psikologikoak egiaztatzen zituzten auzitegiko medikuen txosten zehatzei esker, epaiak “tratu txarrengatik” kondenatu zuen agentea.

Prozesu horretan "erabakigarriak" izandako grabazioak ere bazeuden, orain Bizkaiko Auzitegiko artxiboetatik “bat-batean desagertu" direnak. Bizkaiko SOS Arrazakeriak jakinarazi duenez, desagertze horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak epaia baliogabetzea eskatu du eta epaiketa hasieratik errepikatzea, biktimarentzat dakarren “pairamen guztiarekin”. Elkarteak grabazioen desagerpena azken ondorioetaraino ikertzea eta biktimarentzat justizia eta erreparazioa eskatu du.

Poliziak jazarritako eskalearen defentsan

2018ko maiatzean, Polizia supermerkatu baten atarian zegoen eskalea jazartzen ari zela ikusi eta haren defentsan esku hartu zuen Silvia emakume arrazializatuak. Ertzaintzak Getxoko (Bizkaia) komisariara eraman zuen eta han “ukabilkadak emanez bortizki eraso” zutela salatu zuen SOS Arrazakeriak. Emakumeak salaketa jarri ostean, kontrasalaketa jarri zuten agenteek, baina gertakaria bideoz grabatuta zegoenez, ertzainek euren bertsioan atzera egin behar izan zuten.

Fiskaltzak hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen emakumearentzako, autoritateari aurre egiteagatik; 6.000 euroko isuna ordaintzeko ere eskatu zion, “lesio delitu arinengatik”. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, zazpi urteko espetxe zigorra eskatu zuen Silviarentzat, “erresistentzia eta autoritatearen aurkako atentatua” egotzita.