argia.eus
INPRIMATU
Silikosi epidemia: kasuak biderkatu egin dira sukalderako harri-artifizialaren ondorioz
  • Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko sukalderako mahaiak egitea debekatzeko urratsak ematen hasi dira.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko azaroaren 14a
Silikosiak eragindako biriken erradiografia.

Silikosi kasuen gorakadak kezka sortu du alor laboralean aritzen diren sindikatu, aditu eta osasun arduradunen artean. Espainiako Estatuaren kasuan, Gizarte Segurantzako CEPROSS laneko gaixotasunen erregistroak emandako datuen arabera, azken bi hamarkadatan urtean soilik 15 kasu izatetik ia 500 kasutara igaro dira, hau da, %3233ko hazkundea.

Amiantoak sorturiko asbestosi eta mesoteliomen ondotik, langile kopuru handienari eragiten dion gaixotasuna da silikosia.

“Epidemia” hitza erabili dute CCOO eta UGT sindikatuetako kideek, El Diario.es hedabidearekin silikosiaz hitz egiterakoan. Desagertze zorian izatetik, “igoera hain handia duen halako laneko gaixotasun bakarra” bihurtu baita, eta arazoa “deskontrolatzen” ari dela onartu dute. Zer ari da gertatzen?

Gaixotasun larrien eta minbiziaren eragile

Silize hautsa arnastearen ondorioz biriketan arazo larriak sor ditzakeen gaitza da silikosia, kasu batzuetan baita Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa eta biriketako minbizia ere. Europar Batasunak 2017an onartu zuen silize-kristalak minbizia ekar dezakeela. Espainiako Parlamentuak, berriz, duela urtebete inguru aitortu zuen silikosiak sorturiko laneko ezintasuna.

Silize hautsa arnastearen ondorioz biriketan arazo larriak sor ditzakeen gaitza da silikosia, kasu batzuetan baita Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa eta biriketako minbizia ere

Susmoa dago sukaldeko harri-artifizialezko mahaiak direla silikosiaren eragile nagusia, silize-kristala duten kuartzoz osaturik baitaude.

Material horren erabilera asko ugaritu da azken urteetan gure etxeetako sukaldeko altzariak estaltzeko, eta harria mozterakoan, langileek denbora luzez arnastu dezakete hauts kutsagarria.

Debekua mahai gainean

Ingalaterran egindako ikerketa baten arabera, sukaldeko mahaien industrian enpresa txikietan lan egiten duten hainbat langile silikosiarekin gaixotu ziren: 12 urtez egon ziren silize hautsarekin esposizioan. Thorax aldizkarian argitaraturiko ikerlan horretan, adituek gomendatzen dute kuartzozko mahaiak debekatzea.

Italian, Belgikan, AEBetan, Txinan, Australian eta beste hainbat herrialdetan ere hasi dira urratsak ematen harri-artifizialezko mahaien produkzioa eta erabilera mugatzeko.

Australian, silikosi kasuen gorakadak eskandalizaturik, 2024ko uztailean guztiz debekatu zuten material horrekin mahaiak egitea. Munduko lehen herrialdea izan da halako neurri bat hartzen

Australian, silikosi kasuen gorakadak eskandalizaturik, 2024ko uztailean guztiz debekatu zuten material horrekin mahaiak egitea. Munduko lehen herrialdea izan da halako neurri bat hartzen.

Cosentinok ezetz dio

Marmolgintza industriako Cosentino multinazional erraldoia halako neurrien erabat aurka azaldu da. Almerian egoitza badu ere, mundu guztian ditu produkzio zentroak Cosentinok.

Euskal Herrian ere historia luzekoa da enpresa, marmolgintza pisu handiko sektorea izan baita gurean. Milaka izan daitezke silize hautsak kalteturiko langileak; “amianto berria” bezala ere izendatu dute hainbatek.

Euskal Herrian ere historia luzekoa da Cosentino enpresa, marmolgintza pisu handiko sektorea izan baita gurean. Milaka izan daitezke silize hautsak kalteturiko langileak

Hain justu, Bizkaiko langile batzuek Cosentino auzitara eraman zuten 2017an, multinazionalak ekoizten duen Silestone motako harriarekin gaixotu zirela-eta. 2024ko martxoan Bilboko epaitegi batek enpresa absolbitu egin du, baina atea irekita utzi du salaketak beste instantzia batzuetan bide egin dezan.

Izan ere, epaileak argi utzi du Cosentinok bazekiela Silestoneak silikosia sor dezakeela, gutxienez 2000. urtetik, baina hainbat urtez ez ziela beharrezko informaziorik eman langileei.

Cosentino "City" erakustoki berriaren inaugurazioa Bilbon. Cosentino

Prekarioen gaixotasuna, orain ere

Lan arriskuen prebentzioan dauden lege eta protokoloak ez gauza izan dira, orain arte, silikosiaren gorakadari aurre egiteko. Hala azaldu dio CCOOko kide Mariano Sanzek El Diario.es-i. Eta horren atzean, prekarietatea baizik ez dago.

Marmolgintzaren industrian dagoen kate luzearen azkeneko kate-begia azpikontraten azpikontratak dira. Esternalizazio horren ondorioz prebentziorako formazio gutxi eskaini eta neurririk hartzen ez duten enpresak aurkitzen ditugu

Ingalaterran bezala, Espainiako Estatuan ere industria horretan dagoen kate luzearen azkeneko kate-begia azpikontraten azpikontratak dira. Azpikontratazio horren ondorioz prebentziorako formazio gutxi eskaini eta neurririk hartzen ez duten enpresak daude.

Hala, maskara egokirik gabe eta esku biluziekin ordu luzetan lan eginda, langileak pixkanaka pozoitzen dira, produkzio-denboren esklabo, haien biriketan silikosia sortu arte.