Zigoze herria Aragoin dago, Esca ibaiaren ertzean, hura eta Aragoi ibaia Esan urtegiratzen diren puntutik hurbil. Urtegia handitzeko obrak direla-eta, aipatu puntuan –urtegiaren atzealdean– urari eusteko dike bat eraikiko dute, eta dike horren eraginez Ezka ibaiak gain har dezakeela-eta, Silvia Melladok sareratutako argazkian ikus daitekeen murrua eraiki dute Zigozeren alde batean.
CHE Ebroko Konfederazio Hidrografikoak azaldu du 27 milioi euroko inbertsioa egingo dutela, herriaren alboan laku artifizial baten itxura izango duen azpiegitura eraikitzeko. "Herritarrek espazio bat irabaziko dute euren erabilerarako", irakurri daiteke paretatzarra altxatzen hasi zirenean plazaratutako albisteetan. Dikea eraiki ahal izateko hainbat biltegi eta baratze desjabetu dituzte, baita etxebizitza batzuk ere. ElDiario.es agerkariak 2017ko urrian argitaratutako artikuluan irakurri daitekeenez, hamar bizilagun ziren etxea uztera behartuak zeudenak, orotara 60 bat biztanle dituen herrian.
"Isiltasunari ahotsa"
Miguel Barluenga kazetariak aipatu artikuluan azaltzen duen moduan, hamar bizilagun horiek abokatuen esku jarri zuten auzia, desjabetze agindua atzeratzea lortzeko gutxienez. Halaber, aditzera ematen zuen azpiegitura berriaren aurkako protesta eta mobilizaziorik ez zela egingo Zigoze herrian, kaltetutako bizilagun gazteenak 70 bat urte zituelako, zonaldearen "despopulazio eta zahartzearen" beste adibide bat.
Joaquín Palacínek, Lurraldearen Antolamendurako zuzendari nagusia zenak, aurkako mugimendu handiagoa ez egotea faltan sumatzen zuen: "Artieda edota Milanos herrietan Esaren aurkako jarrera argia zen oso; Zigozen eskatu ziguten isitasunari ahotsa emateko". CHA Chunta Aragonesista alderdiko buruetako bat da Palacín. Zigozeren etorkizunaz kezkatuta, CHAk Aragoiko instituzioetan agertu du bere haserrea, baina Palacínek zioen moduan, herritarren jarrera ez da inguruko beste leku batzuetan bezain beroa izan...
Artieda: Esa urtegiaren mehatxuari kolektiboki erantzunez
Hain justu, ARGIAren pasa den asteko zenbakian, Esa urtegia handitzearen aurkako borrokan ikur bilakatu da Aragoiko Artieda herriaz erreportajea idatzi zuen Kattalin Barberrek. Obren aurkako mugimenduaz mintzatzen da Barber, baita haren gibelean sortutako beste ekimen batzuez ere, esaterako, goraxeago aipatu ditugun "despopulazio eta zahartze" fenomenoari aurre egiteko ekimenez.