Siemens Energy konpainia alemaniarrak 4.588 milioi euroko galerak izango dituela baieztatu du eta bermea eskatu die Alemaniako eta Espainiako gobernuei. Azaroaren 21ean iragarriko du bere plan estrategikoa, eta ordurako jakingo da berregituratzeak nola eragingo duen bere Siemens Gamesak filialak Euskal Herrian dituen lantokietan.
Berriztagarrien sektorean urak nahasita eta haizeak harro datoz. Siemens Energy konpainiak, Siemens alemaniar multinazional boteretsuak energiari loturiko negozioentzat sorturiko filialak, aspaldi piztu zuen alarma gorria eta asteazken honetan baieztatu du 2023an galera izugarriak izango dituela, iaz baino sei aldiz handiagoak: 4.588 milioi euro.
Eolikoei loturiko bere adarrari egotzi dio galera, Euskal Herrian jatorria duen eta lantoki ugari mantentzen dituen Siemens Gamesari, turbina mota batzuetan izandako arazo teknikoengatik eta lehengaien garestitzea ez aurreikusteagatik. Arazoak lurreko eolikoetan (onshore) eta itsasoko eolikoetan (offsohre) izan dituzte.
Siemens Energyk 15.000 milioi euroko erreskatea eskatu zuen duela pare bat aste eta denbora honetan Alemaniako Gobernuarekin negoziatzen aritu ondoren, asteartean jakinarazi du Olaf Scholzen exekutiboak 7.500 milioi euroko bermea jarriko duela, 12.000 milioi euroko plan bat bankuekin adostu ondoren.
Siemens Energyk azaroaren 21ean iragarriko du bere plan estrategikoa, eta ordurako espero da jakitea berregituratzeak nola eragingo duen Euskal Herriko lantokietan
Hiru urteren buruan "oreka" ekarri beharko lioke Siemens Energyri horrek, zenbait inbertsio finantzatzeko aukera emango diolako, diotenez. Baina ordainetan enpresaren berregituratze bat eta sorturiko zulo ekonomikoa estaltzeko neurriak eskatzen ari dira gobernu eta bankuak.
Espainiako Gobernuko Industria ministerioa, bere aldetik, 3.000 milioi euroko bermea jartzea aztertzen ari da, beti ere Espainiako Estatuan Siemens Gamesak dituen 5.000 lanpostuak mantentzeko aukera izanez gero, sindikatuek eskatzen duten moduan, hainbat informazioren arabera.
Euskal Herriko langileak kezkatuta
Siemens Gamesak Euskal Herrian ia 3.000 langile ditu, batik bat Zamudioko eta Sarrigurengo lantokietan. Langileak kezkatuta azaldu dira konpainiak eta "sektore osoak" bizi duen egoerarekin.
Pasa den azaroaren 7an Nafarroako Parlamentuan izan ziren eta Madrilgo Gobernuari presio egitea eskatu zioten Nafarroako Gobernuari eta parlamentariei. Langileek zehaztu zuten taldearen galerak "aurreikuspenak" baino ez direla eta atzean "finantza ingeniaritza" egiten ari direla gardentasunik gabe.
Siemens Energyk azaroaren 21ean iragarriko du bere plan estrategikoa, eta ordurako espero da jakitea berregituratzeak nola eragingo duen Euskal Herriko lantokietan.
Eusko Jaurlaritzak ere kezkaz begiratu dio gaiari. Bingen Zupiria bozeramaileak, nolanahi ere, nabardura egin du esanez Siemens Energyk eskatutakoa ez dela "erreskatea", Alemaniako Gobernuak eta bankuek emandako bermeak baizik.
Allianz Taldeak egindako ikerketa batean arabera, berriztagarrien sektoreko munduko zortzi enpresa nagusiek 3.000 milioi eurotan murriztu dituzte euren aktiboak
Sektore osoa larri
Turbina konkretu batzuek izandako akatsei edo finantzaketa arazoei egozten diete krisia Siemens Energyko arduradunek, baina ez da razoak izaten ari den berriztagarrien sektoreko konpainia bakarra. Ørsted operatzaile danimarkar erraldoiak, esaterako, AEBetako proiektu ugari bertan behera utzi behar izan ditu.
Allianz Taldeak egindako ikerketa batean arabera, CNBCk oihartzuna eman diona, berriztagarrien sektoreko zortzi enpresa nagusiek 3.000 milioi eurotan murriztu dituzte euren aktiboak, batez ere eolikoen arloan dituzten arazoengatik.
Botila-lepoak, Ukrainako gerra, arazo teknikoak, baliabide urriagoak, eta koktel horrek guztiak sorturiko lehengaien garestitzeak, inbertitzaileen mesfidantza ekarri dute, proiektuak askoz garestiago aterako direlako eta etekinak eskasagoak izango direlako.