argia.eus
INPRIMATU
Siemens Gamesako langileek Agoiztik Iruñera martxa egin dute
  • Goizeko 03:00tan abiatu dira oinez enpresaren Agoizko lantokitik, eta hamarrak pasata heldu dira Nafarroako Legebiltzarrera. Legebiltzarrean, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik adierazi du gobernua “alternatiben bila” ari dela lanean. Larunbaterako manifetazioa antolatu dute langileek Agoizen.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 23a
Gauez egin dute martxaren zati handi bat langileek. Argazkia: ahotsa.info

Legebiltzarraren aurrean enpresa batzordeko buru Alfonso Poyok adierazi du martxa “hunkigarria” izan dela, eta “elkarri besarkada eman eta jende askoren babesa jasotzeko” balio izan duela. Poyok ukatu egin du jabeek adierazi bezala enpresa ixtea denik aukera bakarra. 2021 urtera arte lan karga dutela adierazi du, eta lan horiek egin egingo dituela enpresak, baina Portugal eta Marokoko lantokietan: “Borondate kontua da. Deslokalizazio argi eta garbi batekin egin dugu topo. Beste herrialde batera eramaten dute ekoizpena langileen kostua merkeagoa delako. Eta hori, Gobernuaren partetik diru laguntzak jaso eta gero”. Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik adierazi du gobernuak ezin duela enpresa behartu irekirik jarraitzera, eta “konbentzitzea” dela aukera bakarra.

Ayerdik agerraldia egin du legebiltzarrean, Navarra Sumak eta EH Bilduk eskatuta. Lehentasunezko aukera enpresa irekita mantentzea dela adierazi du kotseilariak, baina bestelako alternatibak ere aztertzen ari direla onartu du. Horien artean, haize erroten palak birziklatzeko proiektua, Siemens Gamesa gabe palak ekoizten jarraitzea, edo Siemens Gamesarekin proiektu berria sustatzea trantsizio energetikoaren alorrean.

Larunbatean mobilizazioa Agoizen

Agoizko Siemens Gamesako langileak eta eskualdeko herritarrak mobilizazio egitarauarekin jarraitzen dute. Enpresaren erabakia ezagutu zenetik hainbat protesta egin dituzte. Ostegunean martxa amaitzean kontzentrazioa egin dute legebiltzar aurrean, eta larunbatean Agoizen manifestatzera deitu dituzte herritarrak. Langileak elkartasun handia jasotzen ari dira, bereziki Nafarroan. Alderdi guztiek sustengua adierazi diete, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak langileek deituriko mobilizazioekin bat egin du.