argia.eus
INPRIMATU
Siemens-Gamesak langileen %22 kaleratu nahi ditu, “eolikoen merkatuan liderra izateko”
  • Siemens-Gamesak 2.000 langiletik gora ditu Hego Euskal Herrian. Neurriak munduko 24 herrialderi eragingo die. Bi enpresak elkartu osteko sei hilabeteetan galerak izan dituzte, Gamesak fusioaren aurretik irabazi opariak izan arren. Elkartzearen benetako arrazoia akziodunek sekulako irabaziak patrikara eramatea izan zela salatu du LABek.

Andoni Mikelarena @andonimik Unai Brea @unaibrea2 2017ko azaroaren 07a
2.000 langile inguru ditu Siemens-Gamesak Euskal Herrian. (Argazkia: Masquealba.com) 2.000 langile inguru ditu Siemens-Gamesak Euskal Herrian. (Argazkia: Masquealba.com)

Gamesak eta Siemensek energia eolikoaren sektorean lider bihurtzeko erronka jarri zuten mahai gainean apirilaren 3an. Bi enpresak merkatu hori bereganatzeko helburuarekin elkartu zituzten. Astelehenean lehen seihilabeteko emaitzak aurkeztu dituzte, eta berregituratze prozesu bat hasiko dutela iragarri dute ekitaldian. Hiru urtean 6.000 lanpostu ebatu nahi ditu enpresak. Egun 27.000 langile inguru ditu Siemens-Gamesak.

Berregituratze prozesuak munduko 24 herrialdetan eragingo du. Baita Euskal Herrian ere. Egun 2.000 langiletik gora ditu Siemens-Gamesak Hego Euskal Herrian. Langileez gain 1.200 hornitzaile ere baditu, iaz 475 milioi euro fakturatu zizkien hornitzaile horiei multinazionalak.

Berregituratze prozesuaren lehen urratsak egin dituzte jada. Uztailean, Tillsonburgeko (Kanada) lantegia itxiko zutela iragarri zuten. Aalborgeko (Danimarka) beste lantegi batean berriz produkzioa gutxituko dutela ere jakinarazi dute.

Nafarroako lantegian haize errotetarako palak egin ohi dituzte, eta multinazionalak zeregin bera izango duen lantegi bat irekiko du Tangerren (Maroko). Ikusi beharko da lantegi berria eraikitzeak nola eragiten duen Nafarroakoan.

LAB: "Ez dugu kaleratze bat bera ere onartuko"

Irailean jada ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek salatu zuten, Siemensek langileekin hasiera batean hartu zituen konpromisoak betetzeari utzi ziola, hark soldatak murriztuko zituela jakinarazi ostean. Multinazionalak esana baitzuen bi enpresen arteko fusioak ez zuela langileen lan baldintzetan eragingo.

6.000 kaleratzeen iragarpena ezagutu bezain laster, multinazionalaren asmoak gogor kritikatu ditu LABek. 2016an eta 2017ko lehen hiruhilekoan Gamesak irabazi handiak izan zituela adierazi du sindikatuak. Zehazki, iaz 301 milioiko irabazi garbiak izan zituen enpresak LABen esanetan, "aurreko urtean baino %77 gehiago", eta 100 milioikoak aurtengo lehen hiru hiletan.

"Fusioarekin, akziodunek 1.047 milioi euroko irabaziak jaso zituzten", dio LABek, "eta fusioa erabaki zuten zuzendaritzako kideek 82 milioi jaso dituzte azken hilabeteetan eragiketaren ondorioz".

Jaurlaritzaren jokabidea ere gaitzesi du sindikatu abertzaleak: "Zergatik txalotu zuen Arantxa Tapiak fusioa, esanez helbide soziala Euskal Herrian geldituko zela eta hori nahikoa berme zela? Zergatik ez zuen bat egin LABek egindako eskaerarekin, lanpostuak bermatzeko baldintzak eskatuz?".

Multinazionalaren planak Euskal Herrian kaleratzeak ekarriko dituela badakitela gehitu du sindikatuak. "Ez dugu kaleratze bat bera ere onartuko", iragarri dute.