argia.eus
INPRIMATU
Siemens Gamesak 423 langilerentzako erregulazio espedientea proposatu die sindikatuei
  • Aldi baterako erregulazio espedienteak aerosorgailu konpainiak Asteasun eta Zamudion dituen lantegietako langileei eragingo lieke eta batzarrean bozkatuko da aurreakordioa.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko abenduaren 18a

Siemens Gamesak lurrean jartzeko haize erroten aerosorgailuekin izandako arazo teknikoek eragin zuzena izango dute azkenean langileengan ere bai: 450 lagunentzako aldi baterako lan-erregulazio espedientea proposatu du enpresak, eta horietatik 423 Euskal Herrian, Zamudion eta Asteasun dituen lantegietako langileei eragingo lieke. Hala ziurtatu du EITB Mediak.

Enpresak eta sindikatuek asteartean egin zuten aurreakordioa, eta orain batzarrean bozkatu eta onartu beharko dute langileek. Aurrera eginez gero, espedientea urte eta erdiz egongo litzateke indarrean, baina "malgutasuna" izatea aurreikusten dutela azaldu du hedabide berak.

Siemens Gamesak arazo ugari eta galera ekonomikoak izan ditu bere onshore aerosorgailuekin, 4X eta 5X deituriko turbinek akatsak eman baitituzte. Duela urtebete Siemens Energy konpainiak –Gamesaren jabea– 15.000 milioi euroko "erreskate" plana onartu zuen Alemaniako Gobernuarekin, baina ordainetan berregituratzeak egingo zituela azaldu zuen.

Horrek alarmak piztu zituen langileen artean. Hala, azaroan konpainiak "doikuntzak" iragarri zituen. Izan ere 2025 urterako 1.300 milioi euroko galerak aurreikusi dituzte.

Langileek, baina, "finantza ingeniaritza" operazio baten aurrean gaudela ziurtatu dute. Gamesak Euskal Herrian egiten diren lurreko aerosorgailuak baztertu eta offshore edo itsasoko zentral-eolikoetan dauka jarrita begia aspaldi.

Siemens Gamesak 30.000 langile ditu mundu osoan, horietatik 3.000 Euskal Herrian, Zamudion, Asteasun, Mungian, Sarrigurenen eta Arazurin dituen lantegietan.

Astilleros Balenciaga hartzekodunen konkurtsora

Zumaiako Balenciaga ontziola hartzekodunen konkurtsoan sartu da ofizialki, Donostiako Merkataritza Arloko Lehen Epaitegiak hala erabakita. Radio Euskadik baieztatu ahal izan duenez, PFK Attest enpresa izango da konkurtso-administratzailea –Sestaoko Naval ontziolaren itxiera kudeatu zuen bera– eta bere gainbegiradapean jarraituko dute lanean oraingoz.

Ontziolak aurrera egin ahal izateko, bere hartzekodunek 37 milioi euroko zorrari egin beharko diote aurre eta horretarako inbertitzaile baten bila dabiltza.

Asteazkenean Zumaiko lantegiko beharginek elkarretaratzea egingo dute Donostian, ontziolarentzako irtenbide bat eskatzeko.