argia.eus
INPRIMATU
Sidenorreko aurre-akordioak ez ditu denak ase
  • Sidenorreko zuzendaritzak eta CCOO, UGT, CSIF eta USO sindikatuek –ordezkaritzaren %76 dute lauren artean– aurre-akordioa lortu dute, azaroaren 28an enpresak Lan Erregulazio Txostena aurkeztu eta gero. Aipatutako lau sindikatuek ontzat jo dute akordioa; LABek eta ELAk, berriz, gogor kritikatu dute.

ARGIA @argia 2016ko abenduaren 28a
Sidenorreko Basauriko fabrika.

Langileek berretsiz gero, 2017-2021 bitartean izango da indarrean akordioa. Lanaldia eta soldatak handitzea ekarriko lituzke. Hala, 2017an %1 igoko dira soldatak; 2018an %3; 2019an %1,75, 2020an %1; eta 2021ean %1,25. Pizgarri bat ere espero da 2019tik aurrera. Horrez gain, behin-behinean dabiltzan langileen %15eri kontratu finkoa egiteko konpromisoa agertu du zuzendaritzak. USOren esanetan, aurre-akordioak langileen baldintzak hobetzen ditu.

ELAren esanetan, berriz, adostutako soldata igoerek ez dute bat egiten KPIren bilakabidearekin: “Sidenorren lan egiten dutenek 2012an %5eko galera jasan ostean, 2019ra arte itxaron beharko dute zazpi urte lehenagoko soldatetara itzultzeko”. Soldata bera izanda zazpi urte horietan hamabi egun gehiago lan egin beharko dutela ere kritikatu dute.

LABn ustez, aurre-akordioak enplegua desagerraraziko du. Lan Erregulazio Txostena (ERTE) adostu berritan, lanaldia handitzeak gutxienez 72 lanpostu suntsitzea ekarriko du.

ERTEaren ondorioz, 2018ra arte lan denbora %50era jaitsiko da batez besteko Sidenorreko lantokietan, baina ez denetan berdin. Euskal Herriari dagokionez –bertan daude taldeak dituen 2.300 langileetatik 1.500–, portzentaje hori %50ekoa izango da Basauriko bulegoetan eta Legazpiko fabrikan, %62koa Azkoitikoan eta %100ekoa Maltzagakoan. Azken horretako ekoizpena Gasteizera eramango da. Gasteizen, hain zuzen, baita Legution ere, %35ekoa izango da murrizketa, eta %20koa Basauriko fabrikan.