Maltzagako planta itxi eta gainerako lantegietan enplegu orduak murriztu nahi ditu Sidenor enpresak, ehunka kaltetuz. ELA eta LAB sindikatuek azaldu dute ez daudela ados enpresak aurkeztutako neurriekin.
Sidenor enpresak bi urterako prestatu duen Lan Erregulazio Txostena (ERTE) aurkeztu du azaroaren 28an. Lanaldia erdira jaitsi nahi du enpresak bere lantegi guztietan, baita langileak lekualdatzeko, oporren zatiketa egiteko eta lanpostuak aldatzeko aukera izan ere. Horrez gain, Maltzagako lantegia itxi nahi duela iragarri du. Neurri horiek justifikatzeko arazo ekonomikoak, antolakuntzakoak eta produkziokoak aipatu ditu zuzendaritzak, eta negoziazio-prozesua abiatu du sindikatuekin.
Lan Erregulazio Txostenak Sidenorreko 2.500 langilerengan izango du eragina. Euskal Herrian sei lantoki ditu enpresak, 1.500 langile. Maltzagako planta ixteaz gain, Azkoitiko altzairutegian %62 jaitsi nahi ditu lanaldiak. Gasteiz eta Legutioko lantegietan %32 txikituko lituzke lanaldiak, %50 Legazpiko plantan, eta %20 Basauriko altzairutegian.
ELA eta LABek ez dituzte begi onez ikusi enpresak aurkeztutako neurriak. ELAren ustez, “lan eskubideen murrizketa bat” da txostena, eta negoziazio-prozesuaren helburu nagusia lan-baldintzak “okertzea” da. Prozesuaren xedea hitzarmen kolektiboak aldatzea baldin bada, “juridikoki irregularra” eta “salatzeko modukoa” dela adierazi du sindikatuak.
LABek, bere aldetik, zuzendaritzak informaziorik eman ez izana salatu du. Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) bertan behera uzteko “exijitu” dio enpresari, eta proposamena baztertu egin du Sidenorrek. Sindikatuaren iritziz, bertako langileek “Lan Erregulazio Txosten gutxiago eta industria plan gehiago behar dituzte”.
Gaur bilduko dira bigarrenez enpresako zuzendaritza eta ELA, LAB, UGT, CCOO, USO, ESK eta CSIF sindikatuak Basauriko lantegian. Negoziazioari begira, Euskal Herriko lantokietarako etorkizuna eta enplegua “bermatuko” dituen industria plan bat aurkez dezala “exijitu” dio LABek enpresari. Eta ELAren iritziz, “bada garaia Sidenorreko industria-lantegien etorkizunaz hitz egin eta lorrinduta dauden lan-baldintzak hobetzeko”.