argia.eus
INPRIMATU
Sidenor eta Cofivacasari 277.000 euroko isuna, amiantoak hil zuen langilearen auzian
  • Asviamie amiantoaren biktimen elkartearen hitzetan, Gasteizko Lan-arloko 2. Epaitegiak Sidenor eta Cofivacasa enpresei ezarritako isunak erakusten du enpresek ez dutela betetzen "langileen osasuna babesteko obligazioa".

ARGIA @argia 2024ko irailaren 10
Amiantoaren Biktimen Elkarteak 2021ean Donostian egindako elkarretaratzea / IU Gipuzkoa

Epaitegiak 277.191,45 euro ordaintzera kondenatu ditu Sidenor eta Cofivacasa, Forjas Alavesas enpresako garabilari baten –2019an hil zen, arnastutako amiantoak eragindako minbiziagatik– alargunari eta seme-alabei, Asviamie elkarteak jakinarazi duenez. Francisco F.C. 1973tik 2008ra aritu zuen lanean Forjas Alavesas-Sidenor fundizioan, plaken sekzioan hasiera batean –amiantoa jartzen–, eta zeregin horretarako amiantozko jaka bat baliatzen zuen tenperatura altuetatik babesteko.

Asviamiek salatu du langileak ez zuela arnas-bideetarako babesik izan, areago, "langileek ez zuten norbera babesteko ekipamendurik, ez zegoen xurgatze sistema lokalizaturik, eta ez zitzaien amiantoaren arrisku kantzerigenoen gaineko informaziorik eman". Elkarteak gaineratu du amiantoa manipulatzen zuten bitartean langileei ez zietela erretzea debekatu, eta soilik mediku azterketa generikoak egiten zitzaizkiela. Ostean garabilari gisa aritu zen Francisco F.C. langilea, hamasei urtez, urtu beharreko txatarra labera eramaten, eta ke metaliko, hauts eta amianto-zuntzen eraginpean egon zen.

Hain justu, langilea erretzailea zela azpimarratu dute Sidenor eta Cofivacasak, haren gaixotasuna justifikatu aldera. Asviamie elkarteak hainbatetan salatu duenez, ohikoa da enpresek argudio hori baliatzea, demostraturik dagoen arren arnastutako amiantoa dela erantzulea.

Ospitalearen eta Jaurlaritzaren isiltasuna

Langileari Gasteizko Txagorritxu ospitalean diagnostikatu zioten biriketako adenokartzinoma. "Ospitaleak ez zuen bete gaixotasunaren jatorriaren gaineko susmoez komunikatzeko obligazioa", adierazi du amiantoaren biktimen elkarteak. Halaber, harridura agertu du "Eusko Jaurlaritzak minbiziaren arriskuez mantendu duen isiltasunagatik, ez esatearren arriskuak ezkutatu egin dituela".