Argentinako presidente kargua hartu du Javier Mileik igandean. Bere hitzaldian adierazi du "aldaketa erradikal" bat izango dela herrialdean.
Argentinako presidentetza hartu du Javier Mileik, eta jendeari zuzendu zaio Kongresu Nazionalaren atarian emandako hitzaldian. Adierazi du herrialdearen norabide ekonomikoan “erabateko aldaketa” eragingo duela, eta bere jarrera "anarko-kapitalista” eta antiezkertiarra berretsi du: “Argi gera dadila, aro berri bat hasiko da”.
Mileik nabarmendu du beharrezkoa dela erreformetan “shock” bat ezartzea merkatuen konfiantza berreskuratzeko eta inbertsioak erakartzeko: “Herrialde batek ez badu izen onik, enpresariek ez dute dirua inbertituko doikuntza benetakoa izan arte”. Halaber, berriro azpimarratu ditu jada iragarritako BPGren %15erainoko murrizketa masiboen eta pribatizazioen beharra.
“Aldaketa erradikal” baten beharra aldarrikatu du presidente berriak. Salatu du peronismoaren erantzukizuna direla “herrialdea hiperinflazioaren atarian uztea” eta “egoera sozioekonomiko txarra”. Mileik nabarmendu du inoizko herentzia ekonomiko “txarrena” jaso dutela: “Erronka titanikoa da”. Hala ere, aurreratu du “historian lehen aldiz” ez zaiola sektore pribatuari egokituko doikuntza, estatuari baizik.
Erreformak ezartzeko irmotasuna adierazi duen arren, beste alderdi batzuk gonbidatu ditu Legebiltzarrean bere legeak babestera: “Ez gatoz inor jazartzera, ezta vendetta zaharrak kitatzera ere. Ez dugu itsu-itsuko laguntzarik eskatzen, baina ez dugu onartuko botere anbizioak argentinarrok aukeratutako aldaketa oztopatzea. Oztopoak jarri nahi dituztenei esango diet ez dugula amore emango”.
Nazioarteko gonbidatuak
Mileiren kargu-hartzearen ekitaldian izan dira, besteak beste, Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, Espainiako errege Felipe Borboikoa, Voxeko buru Santiago Abascal, Brasilgo presidente ohi Jair Bolsonaro eta Alderdi Errepublikanoko diputatu trumpista Maria Elvira Salazar.