argia.eus
INPRIMATU
Shell petrolio-enpresa klima aldaketaren errudun jo eta emisioak erdira jaistera behartu dute
  • Herbehereetako Lurraren Adiskideak talde ekologistak Shell petrolio-enpresa multinazionalaren aurkako epaiketa historikoa irabazi du. Auzitegiak klima aldaketaren errudun jo du, eta 2030erako isurketak %45 murriztera behartu du.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 27a
Argazkia: Friends of the Earth International

Herbehereetako auzitegi batek Royal Dutch Shell petrolio enpresa krisi klimatikoaren erantzuletzat jo du. Sententziaren arabera, multinazionalak %45 murriztu behar ditu CO2 emisioak hamar urteren buruan. Maiatzaren 26an egin den epaia Lurraren Adiskideak erakundearen eskaeraren ostean etorri da, eta, azaldu duenez, "auzi klimatikoak" beste herrialde batzuetan errepikatzeko bidea ireki du. Klimaren aldeko mugimenduek garaipen historikotzat izendatu dute.

"Shell aldaketa klimatikoaren eragilea da eta berehala eten behar du bere jokabide suntsitzailea", adierazi du auzitegiak. Lurraren Adiskideak taldearentzat "inflexio puntua da historian", auzitegi batek enpresa kutsatzaile handi bat Parisko Akordioa betetzera behartzen duen lehen aldia baita. 

Herbeheretako gortearen ustez, petrolioa klima aldaketaren eragileetako bat da. Epaiak petrolio-enpresa bere bezeroen eta hornitzaileen emisioen erantzuletzat jotzen du, eta klimaren aurkako jarduera bizitzeko eskubidearen eta familia-bizitza lasaiaren aurkako atentatua dela zehaztu du. Hala, enpresaren ereduak giza eskubideak urratzeko mehatxua dakarrela baieztatu du. 

Lurraren Adiskideak, Greenpeace eta beste hainbat eragilerekin batera Shellen aurkako salaketa jarri zuen 2019an eragiten zituen kalte ekologikoengatik. Prozesua 2020ko apirilean hasi zen, erakunde ekologistek zitazio judiziala entregatu zutenean. Orduan adierazitako helburua 2030erako konpainiak berotegi-efektuko gasen isurketa-jarduera %45 murriztea zen. Modu horretan Parisko Akordioa betetzeko konpromiso globalarekin bat egitea eskatzen zuten, berotze globaleko 1,5ºC ez gainditzeko. Izan ere, eragileen ustetan korporazio horren negozio-eredua "mehatxu larria zen aldaketa klimatikoaren aurkako Parisko Hitzarmenaren helburuentzat”. Hala ere, hasiera besterik ez dela adierazi dute eta salaketak jartzen eta irabazten jarraitzea da haien asmoa. 

Donald Polsek, Lurraren Lagunen Herbehereetako zuzendariak adierazi duenez, "gure planetarentzat eta gure seme-alabentzat izugarrizko garaipena da, etorkizun bizigarri bat lortzeko ezinbesteko mugarria". Eragile ekologistako abokatua den Roger Coxek ordea, ondorengoa adierazi du: "Sententzia honek ondorioak izango ditu beste enpresa kutsatzaile handi batzuentzat".