argia.eus
INPRIMATU
Shazam eta TV3ko ordezkariak pantaila anitzen errealitateaz ariko dira Euskarabildua jardunaldian
  • Pantailaz inguratuta bizi gara, gailu batetik bestera egiten dugu salto etengabe. Errealitate honek komunikazio eta marketin ikuspegitik aukera ugari zabaltzen du. Herri bezala, ondo prestatzen ari al gara horiek baliatzeko? Euskarabildua jardunaldian galdera horri erantzunak eman nahi dizkiogu.

ARGIA @argia 2015eko urriaren 16a

Azaroaren 5ean egingo da jardunaldia Donostiako San Telmo Museoan, “Mundua bete pantaila: Komunikazio eta marketin eredu berriak gailu ugaritako errealitatean” izenburuarekin.

Musika detekzioan aitzindaria izan den Shazam aplikazioaren arduradunetako bat, Filippo Vizzotto, izango da hizlari, baita Kataluniako TV3 telebista kate publikoko eta Frantziako Pictanovo elkarteko ordezkariak ere. Gainera, ARGIA telebista inteligenteetara egokitzeko prestatzen ari den proiektuaren aurrerapen bat aurkeztuko dugu.

Beste berrikuntza jardunaldiaren live storytelling edo jarraipen bizia izango da: marrazkilari baten laguntzarekin, hitzaldietan esaten dena mural moduko batean jasoko da eta hura marrazten den bitartean, proiektore batean ikusiko da, unean-uneko Twitter jarioarekin batera eta entzuleek euren gailu mugikorren bidez egiten dituzten galderak jasoz, besteak beste.

Iametza, ARGIA eta Ametzagaiña antolatzaile

Jardunaldia Iametza Interaktiboak, ARGIAk eta Ametzagaiña Taldeak antolatzen dute teknologia berrien eta hizkuntzen arteko topagune izateko helburuarekin, euskarari protagonismoa emanez. Beste batzuekin ezagutza partekatzeko eta kanpoko esperientziak ezagutzeko aukera izango da azaroaren 5ean.

Jardunaldian parte hartzeko, helbide honetan doan izena ematea beharrezkoa da.

Informazio gehiago:

Pantailaz beteriko munduan zer etorkizun euskararentzat? Eli Pomboren erreportajea ARGIAren 2.478. zenbakian.