argia.eus
INPRIMATU
“Sharonek Arafat hiltzeko asmoa zeukala ezaguna zen”
  • Joan den astean Al Jazeera telebista kateak argitaratu zuenez, Jassir Arafat buruzagi palestinarra pozoituta hil zela pentsatzeko frogak daude. Hasieratik hori pentsatzeko motiboak zeudela dio Uri Avnery idazle eta bake-ekintzaile israeldarrak Counterpunch webgunean idatzitako artikuluan. Arafat pertsonalki ezagutu zuen eta testu horren bidez, Ariel Sharon jo du hilketaren errudun posibletzat.

2012ko uztailaren 09a
Uri Avnery, Jassir Arafatekin.

“Badakigu honezkero hainbat zerbitzu sekretuk badituztela pozoiak, errutinazko prozeduren bidez detektatu ezin direnak. CIA, Errusiako FSB (KGBren ondorengoa) eta Mossad dira zerbitzu sekretu horietako batzuk.

Gainera [Arafat hiltzeko] aukera ugari zeuden. Arafaten segurtasun neurriak oso lasaiak ziren. Besarkatuko zituen erabat ezezagunak zitzaizkion pertsonak kausa palestinarraren babesle zirela esaten bazuten eta askotan haien ondoan esertzen zen otorduetan.

Jende ugarik nahi zuen bera hil eta bazeuzkan bideak hori egiteko. Begi-bistakoena gure lehen ministroa zen, Ariel Sharon”.

(…)

“Sharonek Arafat hiltzeko asmoa zeukala ezaguna zen. Libanoko gerrako Beiruten setioan, ez zen sekretua agenteak Mendebaldeko Beirut orrazten ari zirela non zegoen jakin nahian. Sharonen pena handia, ez zutela aurkitu.

Osloko akordioen ondoren ere, Arafat Palestinara itzuli zenean, Sharon ez zen gelditu. Lehen ministro bihurtu zenean, Arafaten biziarengatik nuen beldurra larritu zen. Gure armadak “Defentsa Ezkutua” operazioan Ramala eraso zuenean Arafaten etxean sartu ziren (…) eta bere geletatik hamar metrora geratu ziren. Nire begiekin ikusi nituen”.

(…)

“Sharoni galdetu ziotenean ea zergatik ez zuen orduan Arafat hil, erantzun zuen israeldarren presentziarekin ezinezkoa izan zitzaiola.

Dena den, nik uste dut hori aitzakia baino ez zela. AEBak izan ziren debekatu ziotenak. Amerikarrak beldur ziren, nahiko arrazoirekin, Arafat mundu guztiak ikusteko moduan asasinatuz gero mundu arabiar eta musulman osoa lehertuko zela gorroto anti-amerikarrean”.