argia.eus
INPRIMATU
Sgüüxs hizkuntzaren azken hiztuna hil da
  • Kanadako Columbia Britainiarreko Tsimshian familiako hizkuntza batek azken hiztuna galdu du. Violet Neasloss 99 urteko emakumeak azken hatsa ematearekin batera zendu da Sgüüxs hizkuntza.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko abenduaren 19a
Violet Neasloss Sgüüxs hizkuntzaren azken hiztuna.

Luistxo Fernendezen txioak jarri gaitu albistearen arrastoan.

Hizkuntzalari talde batek 300 orduko grabaketak egin zizkion duela bi urte, hizkuntza aztertu eta berreskuratzeko asmoz. Komunitateko hainbat lagunek Sgüüxsa berpizteko nahia agertu dute.

Hizkuntzen desagerpena XX. eta XXI. mendeetan

XX eta XXI.mendeetako arazo larria da hizkuntzen desagerpena. UNESCOk argitaratutako txostenak horren adierazle dira.  2009ko Arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlasean jasotzen denez, 6.000 hizkuntza inguru daude munduan; 2.500 desagertzeko arriskuan daude eta 200 ziurtasun osoz galduko dira mende honetan.

Dokumentuaren arabera, azken hiru belaunaldietan 200 hizkuntza galdu dira, 538 egoera kritikoan daude, 502 arrisku handian, 632 arriskuan, eta 607 egoera ahulean. Azken talde horretan sartzen du Unescok euskara. Hala ere Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako egoerak okerragoak direla azpimarratzen du txostenean. 

Bestalde, 2003an Eusko Jauralaritza eta UNESCOk elkarlanean argitaratutako “Munduko hizkuntzei buruzko txostenak” hizkuntzen galera azaltzeko hainbat gako ematen ditu, baita hori saihesteko hainbat proposamen ere.

Sgüüxs hizkuntzarekin gertatu dena ez errepikatzeko, premiazkoa da munduko hizkuntza aberastasuna babesteko neurriak hartzea.