argia.eus
INPRIMATU
Seymour Hersh
“Nola aipatuko dut nire iturria? Kartzelaratuko lukete”
  • Elkarrizketa egin dio Seymour Hershi Berliner Zeitung hedabidean Fabian Scheidler kazetariak. AEBek Nord Stream gasoduktuak lehertarazi zituela esanez erreportajea argitaratu duen kazetari estatubatuarra da Hersh. Ctxt atariak osorik atera du elkarrizketa eta handik jaso ditugu ondoko pasarteak.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko otsailaren 16a

Berliner Zeitung-en egindako elkarrizketan, funtsean, Seymour Hershek errepikatzen ditu bere erreportajean erasoaz aipatutako ildo nagusiak, baina hainbat alorretan sakondu egiten du gaian. Berresten du AEBetako lehendakari Joe Bidenek erasoa Errusiak Ukraina inbaditu aurretik pentsatua zuela, eta behin gerra hasita, horrek bere asmoa indartu bestetik ez zuela egin, beldur zelako Alemaniak ez ote zuen Ukrainaren alde behar beste egingo, Nord Stream gasoduktua erabili behar bazuen, adibidez negu hotz baten aurrean bere herritarrak babesteko.

Bilera giltzarri baten xehetasunak

Operazioa bideratzeko 2021eko Gabonak baino lehentxeago Etxe Zuriaren ondoko eraikin batean egindako bileraz hitz egiten du, eta aipatzen du bileraz eskainitako hainbat xehetasun eman zituela Etxe Zuriak jakin zezan informazio zuzena zuela: “Bulego oso sekretuan bildu ziren. Etxe Zuriaren ondoan bada bulego eraikin bat, Bulego Exekutiboen Eraikina, eta lur azpiko tunel batek lotzen du Etxe Zuriarekin. Eraikin horren goiko aldean bada Lehendakariaren Inteligentzia Aholku Batzordearen bulego bat. Bilera hura deitu zen aztertzeko ea zer egingo genuen Errusiak gerrara joko bazuen”.

Hershen esanetan, gutxienez honako erakundeek parte hartu zuten Jake Sullivan Segurtasun Nazionalerako aholkulariak deitutako bilera hartan: “CIA, Segurtasun Nazionalerako Agentzia, Estatu Departamentua, dirua jartzen duen Altxorraren Departamentua, Estatu Nagusi Bateratua, eta seguruenik besteren batzuk ere bai (...) Ez dut xehetasun gehiago eman nahi, nire iturria babestu behar dut eta. Ez dakit zenbat pertsonak parte hartu zuen. Badakizu zer esan nahi dudan?”.

Eta zergatik eman behar zuten operazioaren berri hura ezagutzen zutenek? Hershek dioenez, operazioan esku hartu zutenek lehendakariak agindutakoa betetzen dute eta kito, baina askori ez zaio batere egokia iruditu egindakoa, “Alemaniako herritarrak zigortzen dituelako”. Askoren aburuz, erasoa erokeria zela dio Hershek: “Erasotik denbora gutxira, agindua bete ondoren, haserre handia ekarri zuen eta tartean zeudenen arbuioa. Horregatik jakin ditut horrenbeste kontu. Komunitate hori asaldatuta zegoen, Bidenek erabaki zuelako Europak hotza pasatzea, irabaziko ez den gerra bati sostengua ematera behartzeko. Are gehiago, oliobideak egiten dituzten enpresek ere ezagutzen dute historia. Ez zidaten haiek kontatu, baina laster ulertu nuen ezagutzen zutela”.

Alemaniako Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiei ere luzatzen die gomendiorik. “Batzorde Parlamentario bateko lehendakaritzan banengo, gustatuko litzaidake honakoa galdetzea Schholzi [Alemaniako kantzilerra]: Joe Bidenek hitz egin zizun honetaz? Esan zizun zergatik zegoen horren seguru oliobidea suntsitu ahal izateaz?”.

Bi buzoren lana

Operazioaz ere hitz egin du Hershek elkarrizketan. Floridako Panama Cityn entrenatutako bi buzo jaitsi ziren norvegiarrek hautatutako lekuan, NATOk Itsaso Baltikoan urtero egiten dituen maniobretan. Buzoak 100 metroraino jaitsi zitezkeen ekipo astun barik, eta horretarako hautatu zuten 80 metroko sakonera ez zuen lekua. Hodi-lerro batetik bestera 1,6 kilometro zegoen, bi buzo jaitsi ziren lehergailuak jartzera eta bi ordu eman zuten zereginean. Lehergailuak jarri ziren denbora gutxira lehertarazteko, baina azkenean Bidenek leherketa hiru hilabetez luzatzea erabaki zuenez, zortzi lehergailuetatik seik bakarrik egin zuten eztanda.

Erreportajeari sinesgarritasuna edo indarra kentzeko askok aipatu dute ikerketa ez dela serioa, iturri bakarrean oinarritzen delako eta anonimoa delako. Hershek tinko erantzuten die: “Baina nola hitz egingo dut nire iturriaz? Artikulu asko idatzi dut iturri anonimoetan oinarrituta. Norbait aipatuko banu lanetik kanporatuko lukete, edo okerrago dena, kartzelan sartu. Legea oso zorrotza da. Inoiz ez dut inor arriskuan jarri eta, artikulu honetan egin dudan bezala, idazten dudanean iturri bat dela aipatzen dut eta kito. Urteetan zehar, beti onartu dira idatzi ditudan kontuak”.

Eta kazetaritzan ausardiak duen garrantziaz ere galdetzen dio Scheidler idazle eta kazetariak: “Zergatik da ausarta egia esatea? Gure lana ez da beldurra izatea. Eta batzuetan itsusi jartzen da. (...) Baina mehatxuak ez dira ni moduko pertsonei zuzenduak, baizik eta gu moduko pertsonen seme-alabei. Oso gauza beldurgarriak bizi izan ditut. Baina ez zara horrekin arduratzen, ezin duzu. Egin behar duzuna egiten duzu”.